Dirurik gabeko kultura itolarrian dagoela esaten badut ez naiz ezer deskubritzen ari. Bizirauteko aukera izaten dute soilik erakundeen bedeinkazioa hartzen duten egitasmoek. Tamalez, hala izaten da. Kultura ikuspuntu komertzial hutsetik kudeatzea arriskutsua da, eta gure herrian, arrisku bizian daude hainbat eta hainbat kultur adierazpen.
Gaurkoan etxe barrura begiratuko dut. Kultur egitasmoak inpaktu ekonomikoaren arabera sailkatu ditu Gasteizko udal gobenuak. Murrizketa handia egin dio kulturari, baina ez nolanahi, guraizak non sartu ongi pentsatuta egin duelako. Etekin ekonomikorik ematen ez dituzten egitasmoak hilzorian utzi ditu PPk, kultura inpaktu ekonomikoari lotu diolako. Izaera komertzial eta merkantilista hutsak gailendu egin zaio edozein irizpideri nire hirian.
Argi hitz egin du Kultura zinegotziak: dirua uzten duten proiektuek ez dituzte murrizketarik izango. Eta nire galdera da: irizpide bera erabiliko al dute hezkuntza ala osasungintzari dirua emateko garaian? Horiek ere etekin ekonomikoaren arabera neurtuko al dituzte?
Kultura nahi duenak ordaindu dezala doktrinari men egin dio Gasteizko Udalak, eta kinka larrian utzi du kultur egitasmo askoren geroa. Krisiaren aitzakian, krisi sakonean sartu du kultura, eta zehazkiago, euskal kultura. Beste behin ere, dirulaguntzen bedenkaziorik ez dugu izango euskal kulturaz gozatu nahi dugunok. Errentagarri ez omen gara, eta hori krisi garaian, bekatu omen da. Etorkizuna iluna dirudi. Berriro ere alanbrean ekilibrikoak egin beharko dute euskal kulturzaleek. Lehen estu zeuden eta orain, itolarrian.