Osasunaren kontuak ez omen dabiltza osasuntsu. Albistea ez da berria, baina bada noizean-behin aireratzea gustuko duten egunkaririk. 60 milioiko zorra omen da Osasunarena, eta zazpi milioiko euro urteroko defizita. Omenka ibili behar dugu beti, gardentasuna ez baita hain gurea omen den futbol taldearen bertute nagusia.
Hamaika aldiz entzundakoren arabera, Osasuna nafar guztiona da. Ez dut uste horrela denik. Argi dagoena da nafar guztiok ordaintzen ditugula Osasunaren kontuak, baina zordun izanagatik ez dugu benetako egoera ekonomikoa ezagutzeko eskubiderik.
Osasunako arduradunek laguntza eskatu diote Gobernuari, alegia, gu guztioi, ordaindu beharrekoa atzeratu eta gutxitu diezaioten. Xelebreak dira Osasunako ordezkariek aipatzen dituzten arrazoiak: beste gobernu batzuek laguntza handiagoak ematen dituztela, jokalarien eskandaluzko soldatak negoziatzerakoan zenbateko garbiaz hitz egiten dutela, eta ez gordinaz, eta antzekoak. Hirigintza operazio bat egiteko prest agertu dira. Eta ez da harritzekoa, nik ere eginen nuke…
Hau dena txiste ona litzateke, baina, ez, serio esaten dute. Osasuna guztiona? Bai, jakina, sekula itzuliko ez duen zorra gu guztioi kendu digutelako.