Elixabete Garmendia: Argazki oina

Euskalerria Irratia 2012ko otsailaren 21a

Argazkiari tentsioa dario, izugarria. Urduritasuna, larrialdia, indarkeria… Soinu banda erraz imajinatzen da: oihuak, garrasiak, beldurrak eragindako istilu histerikoren bat…

Argazkiaren eskuinaldeko espaloian gazteak daude, elkarren kontra pilatuta bezala. Argazkiaren ezkerraldean, gizon bat, ez hain gaztea, bastoia ezkerreko eskuan, eta beste besotik harrapatuta daukan poliziari ihes egin nahian, tirabira betean. Beste bi polizi ere ageri dira lehen planoan, Erdi Aroko zaldun gerlarien pare jantzita, XXI. mendeko bertsioan, eta agenteetako bat argazki makina armatzat hartuta.

Valentziakoa da gertakizuna. Ikasleak Generalitateak hezkuntzan egin dituen murrizketengatik protestan.

Goizetik nauka zintzilik albiste honek. Ze irratian entzun dut, atzo izandako liskar horietan hamabi lagun zauritu zirela, eta horietatik gehienak poliziak. Albistearen bitxikeriak baino gehiago harritu nau esatariak erabili duen tonu “hemen-ez-da-ezer-gertatzen”-ekoak. Alegia, jasotzen duzu zuk albiste hori agentziatik, eta ez zaizu susmagarria gertatzen? Ez duzu derrigorrezkotzat jotzen iturria aipatzea? Ez duzu bilatzen beste bertsio bat kontrastatzeko?

Ba hortxe dago, BERRIAko argazki oinean, beste bertsio hori: Marga Sanz Esquerra Unidako bozeramaileak dio “modu basatian eta kontrolik gabe” aritu zela polizia. Horrezaz gain, beste bi datu ere ematen ditu argazki oinak: hemeretzi ikasle atxilotu zituela poliziak eta lau lagun zauritu zirela protestetan. Ez du zehazten zauritu horiek ikasleak ala poliziak diren, horixe da falta zaion xehetasuna.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!