Indarra, kemena, lasaitasuna transmititzen ditu Oier Lakuntzak hitz egiten duelarik. Indarrez, kemenez, lasaitasunez hitz egin du Txari Eleta lankideak egin dion elkarrizketan.
Gizarte Segurantzak dio kimika doktoretza prestatzeko lortua duen beka eta bere ezintasunagatik hilero kobratzen duen laguntza ez direla bateragarriak. Horregatik, 11 mila euro bueltatzeko eskatu zion Gizarte Segurantzak hasiera batean. Gerora, atzera egin, eta mila eta 600 eurora jaitsi zuen.
Ezintasunen bat duten pertsonek lan egiteko eskubidea dutela aldarrikatzen du, ordea, Oier Lakuntzak. Dio tesia egiteagatik duen praktiketako kontratua ez dela dirua irabazteko lan bat, eta hortaz, Gizarte Segurantzak ez liokeela sosik eskatu behar. Auzibidera ere jo du. Atzo izan zuten epaiketa, eta epaia bi aste barru ezagutuko dute.
Bere kasuak oihartzun handia izan du hedabideetan. Oier Lakuntzak dio lan munduan sartu nahi duen ezindu batek izanen lukeen arazo baten lekukoa dela. Azken egunotan bizi izan duena modu honetan kontatu du Asteburu-on saioan.
Wolfram sindromea du Oier Lakuntzak: gaixotasun arraro horietako bat. eta horren eraginez, itsu gelditua da, eta entzuteko arazoak ditu. Bi diabetes mota ere eragin dizkio.
500 euro jasotzen ditu ezintasun pentsio gisa; ehuneko 84ko ezintasuna du. Dio, diru horrekin ez dela bizi, eta beste lan bat eduki behar dela. Doktoretza egokia izan da jendeari erakusteko ezinduok beste lan bat egin dezakegula.
Kimika tesia amaituta, dibulgazio zientifikoan egin nahiko luke lan. Lan egiteko eskubidea aldarrikatu du. Horrek, ordea, ez du esan nahi ezindu gisa dituen gastu gehigarriak ordaintzeko laguntzarik ez duenik behar.
Bi aste barru ezagutuko dute epaileen erabakia.
[powerpress]
Irudiak: webguneko azalekoa, Nafarroako Bertsozaleen Elkartearena da. Barrukoa, Euskalerria Irratiarena.