Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak bidalitako berria
Bukatu da Nafarroan taldeka egiten ari diren Bardoak 2012 ekimeneko lehenengo fasea. Bost saio jokatu dira asteburuan. Ostiralean bertan hiru saio egin zituzten. Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean bertso-merendua egin zuten 40 entzuleren aurrean. Bertako Xirristi-Mirristi eta Malerrekako Erauntsi taldekoak aritu ziren kantuan. Bigarren hauek irabazi zuten, eta bigarren fasera sailkatu dira, jokatutako bi saioak irabazita.
Leitzan ere 40 entzule elkartu ziren Aurrera Elkartean. Hemen Leitza ta Leitzatarrak eta Malerrekako Jituk taldeak aritu ziren. Lehenengoek irabazi zuten eta, ondorioz, multzo honetako hiru taldeak berdinduta geratu ziren garaipen banarekin. Beraz, puntuazioak alderatu behar izan dituzte aurrera nork egingo duen erabakitzeko eta Barañaingo Beteranoak taldeak lortu du hori. Leitzan, gainera, hil berria den Manuel Lasarte bertsolaria omendu zuten, bere zenbait bertso kantatuz.
Ostiraleko azkeneko saioa Lesakan egin zen, afalostean. 50 bat lagun bertaratu ziren herriko Rimak Exkaxko eta Araitz-Beteluko Mailope taldeen saioa jarraitzeko. Etxekoak nagusitu ziren eta hauek egin dute multzo horretatik aurrera.
Larunbatean jokatu ziren asteburuko azkeneko bi saioak. Uitzin 90 entzule elkartu ziren bertso-merenduan. Larraungo Hautsi eta barratu eta Auritz-Iruñeko Bertze Maldiko taldeak aritu ziren kantuan eta bigarren hauek lortu zuten garaipena. Ondorioz, hauek egin dute aurrera.
Azkeneko saioa Iruñean egin zen eta Dizerdit eta Etxarriko Bilixkorriko taldeak aritu ziren bertsotan 50 lagunen aurreran. Bigarren taldeak irabazi zuen saioa, eta bigarren faserako txartela eskuratu dute.
Ondorioz, sei taldek egin dute aurrera eta beraien artean erabakiko da ze hiru talde sailkatuko diren finalera. Talde bakoitzak bi saio jokatuko ditu, bat etxean eta bestea kanpoan. Honela gelditu dire saioak:
Leitzaundi-Erauntsi
Beteranoak-Bilixkorriko
Bertze Maldikoak-Rimak Exkaxko
Martxoaren 2tik 18ra bitartean jokatuko dira bigarren faseko saioak, eta datozen egunetan zehaztuko da saio bakoitza noiz eta non egingo den.