Ogasunarekin duen zorra atzeratzeko eskatu du Osasunak

Euskalerria Irratia 2012ko ots. 20a, 09:35

Egoera ekonomiko larrian da Osasuna. Urtero sei milioi euroko zorra pilatzen omen du. Orotara, 60 milioikoa ei du. Omen eta ei diogu, Osasunaren diru kontuak, futbol talde gehienenak bezala, ez direlako batere gardenak. Gaur Nafarroan eskela gehien saltzen dituen egunkariak argitaratu duenez, Gazteluko plazako taldeak erreskate plana proposatu dio Nafarroako Gobernuari. Horren lehen zutabea, Ogasunarekin duen zorra atzeratzea. Bigarrena, aurrerantzean zerga gutxiago ordaintzea. Osasunaren helburua, Balio Erantsiaren Zerga eta taldeko jokalarien Pertsona Fisikoen Gaineko zerga ez ordaintzea, Nafarroari ekartzen ei dion onura ekonomikoaren truke. Patxi Izkoren zuzendaritzaren arabera, Osasuna Nafarroaren ondasuna baita. Osasuna, ogasuna, ondasuna, horretaz guztiaz mintzatu gara gaur Pasahitza saioko Osasunari buruzko solasaldian, Aritz Agirrerekin. Baita, jakina, gorritxoen iragan larunbateko partidaz ere: Sevilla 2 - Osasuna 0.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!