Laura Mintegi: "Nolako justizia halako kartzelak"

Euskalerria Irratia 2012ko otsailaren 16a

Herri baten kartzelen egoera estuki lotuta dago herri horren justiziaren mailarekin. Hau da nolako JUSTIZIA halako KARTZELAK. Aspaldidanik entzuten diogu Unai Aranzadi kazetari freelance-ari Honduras dela Amerikako herririk txiroenetarikoa eta, agian, munduko bortitzena, eta ez da kasualitatea elementu biak batera joatea: pobrezia eta bortizkeria.

Hondurasen dagoen JUSTIZIA maila ezin txarragoa da eta halakoxea da ere bertako kartzelen egoera. Horrek ekarri du atzo jakin genuen trajedia: 377 hildako Comayaguako kartzelan. Inolako zerikusirik, esaterako, Suediako Högsbo kartzelarekin, Goteborg herrian dagoena: 100 pertsona daude lanean 210 presoentzako kartzelan.

Porzierto, eta hori da gaurko ekarri dudan argazkia: Comayaguako kartzelako atean esaldi hau irakur daiteke: "PENITENCIARIA NACIONAL COMAYAGUA. HAGASE JUSTICIA AUNQUE EL MUNDO PEREZCA”. Eta “aunque el mundo perezca” sarkasmoa ematen du, zeren gaur beste esaldi hau izango bailitzake egokiagoa: “Peniteciaria Nacional Comayagua, aplíqueseles la justicia, aunque todos perezcan”.

Halako lemak irakurrita burura dator lelo historiko hura, mila aldiz ikusi izanagatik hotzikara eragin zidana Auschwitz-eko sarrerako atearen gainean ikusi nuenean: “Arbeit macht Frei”, hau da, “lanak aske egingo zaituzte”.

Aske, bai, hildakoan askatu egiten garela uste ei dute erlijio askotxok. Hori da kartzelak eman dezakeen askatasuna: hil ondorengoa. Comayaguako preso asko libre dira dagoeneko, kartzelatik ateratzea lortu dutelako. Hori bai, plastikozko boltsa baten barruan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!