Hemen bakeari Basa esaten diogu

Euskalerria Irratia 2012ko otsailaren 20a

Basagoiti, Bakearen Nobel sarirako hautagai

Hemen bakeari Basa esaten diogu, Basagoiti. PPko buru Antonio Basagoiti Bakearen Nobel sarirako hautagai izendatu dute, bake prozesuen alorrean egin dituen ekarpen metodologiko eta kontzeptual garrantzitsuengatik. XIX mendean ainguraturiko protokoloa irauli eta XXI mendera ekarri du. Garai batean, “alde guztien arteko akordioa” korapilatsua bilatzen zen bake prozesuetan. Azken aldian, “garaileak eta garaituak” eskema sinpleagoa aipatzen zen. Basagoiti haratago joan da “garaileak eta kito” metodologia azkarra asmatuz. Horixe proposatzen ari baita, bakea kudeatzea aldeetako bat, euskal kasuan ezker abertzalea, bazterrean utziz. Ekarpen metodologiko horrek asko errazten ditu bake prozesuak. Akabo bake negoziazio luzeak zein bake prozesu amaigabeak. Alde bakar batekoak soilik elkartuz, bakea di-da lortzen da. Basagoitik berak izendatu du Bakearen Nobel sarirako hautagai bere burua, beste aldea, Bakearen Nobel sariko epaimahaikideak, bazterrean utzita, beste alde horrek akordio baketsua zapuztu zezakeelakoan. Bidenabar, Basagoitik gogor salatu du Espainiako Barne ministroak euskal gatazka “politikoa” dela esatea, eta gaineratu du horrek erakusten duela Gobernua ETAren aitzinean errenditzen ari dela... alderdikide batek Gobernua orain PPrena dela oroitarazi dion arte. Orduan, atzera egin du.

Greba gehiago, gerra da eta!

Javier Ortiz handiak zioen zutabegileek ez dutela idatzi behar beraiekin ados daudenek txalo ditzaten, baizik eta beraiekin ados daudenei zer pentsa emateko bestelako ikuspegiak eskainiz, bestelako zalantzak azaleratuz. Irudipena dugu azkenaldian gu oso manikeo eta politikoki zuzen gabiltzala, bizi gaituen muturreko egoera sozioekonomikopolitikoak bultzatuta, edo berotuta. Hartara, gaur, gehiengo sindikalaren greba orokor deialdi bateratuaren kontura, gogoeta (ustez) zirikatzaile zenbait: 1) Gehiengo sindikalak lau greba orokor besterik ez du antolatu krisiak eztanda egin zuenetik. Lotsagarria da! Grezian azken bi urteetan jada 15 egin dituzte! Askoz greba gehiago egin behar ditugu, Grezian lortu dutena lortu ahal izateko... Oh, wait! Zer kristo  lortu dute Grezian? 2) Greba deialdia tokian tokiko errealitatera moldatu beharko litzateke. Nafarroan gehiengo sindikala ez da gehiengo sindikala. Jendeak ez dezan pentsa deitzaileak CCOO eta UGT direla, Nafarroan huelgaren antolatzaileei gutxiengo sindikal deitu beharko genieke. Bestalde, halako grebetan oihartzuna oso mugatua izaten da: Iruñean manifestazio kozkor samarra, eta kito. Beraz, greba orokorraz bainoago greba partzialaz hitz egin beharko genuke. Beraz, Nafarroan, M29rako borroka oihua, gutxiengo sindikala greba partzialera! Zoinen ilusionagarria... 3) Edonola ere, argi gera bedi: gu beti grebarekin bat. Denok ugazaba esplotatzaileen aurka! Ño... pentsatzen jarrita, BERRIAn lan egiten dugunez, gure ugazabak... berriro ere oh, wait!

Riau-riau

Amaitzeko, ohitura zaharrei jarraiki, tutti-fruttia. 1) Espainiako enpresarien elkartea (CEOE) greba eskubidearen murrizketa eskatzen hasi da. Eta sindikatu, alderdi eta iritzi emaile aurrerakoiek gogor erantzun diete. Beti berdin. Haiek agenda markatzen dute. Eta guk jarritako musikaren erritmoan dantza egin behar. Marka dezagun agenda propioa. Eska dezagun deshazkundea, bankaren nazionalizazioa, euskal selekzioaren ofizialtasuna, sexu libre eta doakoa. Horrela ez dugu deus lortuko, baina bestela ere ez. Eta horrela, gutxienez, hobeki pasako dugu. 2) Alor publikoan murrizketa latzak iragarri zituen asteartean Nafarroako Gobernuak. Biharamunean, Nafarroan soilik zabaltzen duten prentsan Sanferminetako Riau-Riauaren berreskuratzea zen albiste nagusi. Itxura guztien arabera, Nafarroan aurrerantzean maiz entzun behar dugu riau-riau. Alabaren eskolan maisuak falta direla? Riau-riau! Auzoko Osasun Etxean sendagilea gaixotu eta ordezkorik ez diotela jarri? Riau-riau! Eta abar eta abar, eta riau-riau eta riau-riau. 3) Patxi Lopezek azken hiru urteotan 125.000 euro gastatu ditu euskara eskoletan. Ez dugu deus gehituko.

(Patxi Huarte Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak 2012ko otsailaren 19an Berrian argitaratua)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!