Gaur egin dute martxoaren 29rako greba orokor deialdi ofiziala ELA, LAB, ESK, EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuek Nafarroako Gobernuaren Enplegu Departamentuan. Bilbon gauza bera egin dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, huelga Hego Euskal Herri osoan deitu baitute.
Sindikatu horien arabera, lan erreformak botere absolutua ematen die enpresariei: langileek eskubideak galduko dituzte eta pobrezia areagotuko du. Horren aurka mobilizatzera deitu dituzte herritarrak. Beheko audio grabazioan, besteak beste, ELAko Mitxel Lakuntzaren eta LABeko Igor Arroyoren adierazpenak entzun daitezke.
Nafarroako presidente Yolanda Barcina, aldiz, greba deialdiaren aurka azaldu da, "helburu politikoak dituelako, eta ez laboralak". Enpresarien buru Jose Antonio Sarriak ere ez du begi onez ikusten protestaldia, bere idurikoz, ez delako grebak egiteko unea.
Krisia hasi zenetik, sindikatuok antolatzen duten laugarren greba orokorra da. Berriki haien arteko batasuna hautsi zuten ELAk eta LABek, baina halere honako deialdi hau batera egitea erabaki dute. Ikusteko dago zer nolako jarrera hartzen duten gainontzeko sindikatuek grebaren aitzinean.
[powerpress]
Irudia: @grebaorokorra