Patxi Zubizarreta: Literaturan su

Euskalerria Irratia 2012ko ots. 16a, 17:40

Urteko azken gaua zen, gabon zaharra alegia. Hotz egiten zuen, hotz ikaragarria, eta neskatila bat hanka hutsik zebilen, hotzak hilik, goseak amikatua, eskuetan pospolo batzuk salgai zeramatzala. Alabaina, kalerik kale ibili zen arren, ez zuen pospolo bakar bat ere saltzea lortu, eta, akaberan, kalezulo batean babestu zen. Bertan, hormaren kontra kukubilkatu eta, biziko bazen, pospoloak piztea erabaki zuen. Lehenengoak berogailu baten alboan zegoela sentiarazi zion, bigarrenak mahai bat bete janari ikusarazi, hirugarrenak gabon zuhaitz bat opariz gainezka imajinarazi… Gertatu zen, ostera, pospoloak itzaltzearekin batera, zuhaitza, mahaia eta berogailua hurrenez hurren desagertu zitzaizkiola. Neskatilak orduan begirakunea zerura jaso, izarrei josi, eta, halako batean, izar iheskor bat begiztatu zuen. Amonak esana zionez, izar bat jausten den aldiro, arima bat goititzen da zerura. Baina hotzaren hotzez baitzegoen, gehiago pentsatzeko betarik izan gabe, laugarren pospoloa piztu zuen eta, haren argitan, nor eta amona bera agertu zitzaion, amona zena. “Eraman nazazu zurekin!”, oihu egin zion neskatxak. Eta amona zuhaitza, mahaia eta berogailuen gisara desagertu ez zedin, bosgarren, seigarren eta gaineratiko pospolo guztiak piztu zituen. Amona orduan eder baino ederrago agertu zitzaion eta neskatila zerura eraman zuen, hotzik, goserik eta beldurrik gabeko tokira alegia. Hala bada, urte berri egunean neskatila baten hilotza topatu zuten kalezulo batean, irribarrea ezpainetan, alboan pospolo erreak zeuzkala. “Berotasuna behar izango zuen gajoak”, esan zuten, baina inortxok ere ezin izan zuen imajinatu neska gazteak zer nolako argitasuna, zer nolako klartasuna, zer nolako berotasuna sentitu zituen gabon zaharrean.

 

Ahantzi samartua izan arren, denok dakigu aurreko ipuin hori Hans Christian Andersen idazlearen Pospolo saltzailea. Kontatzen digun pasadizoa hunkigarria da eta guregandik kanpora begiratzeko deia egiten digu, hanka hutsik, esku hutsik daudenak aintzat har ditzagun. Baina hori bezain garrantzitsua da geure baitara, geure barnera begiratzea edo, beste molde batez adieraztearren, geure buruari ere kontu egitea.

Irudia: Elena Odriozola

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!