Elixabete Garmendia: Aurpegia nahigabeek zizelkatua

Euskalerria Irratia 2012ko ots. 15a, 08:29

Zerraldoa Imanol Lazkanok, Aitor Mendiluzek, Mikel Mendizabalek eta Iñaki Muruak daramate Orioko eliz-atarian. Pelikulari atzera eginez ikusten du batek 1995ean, Gipuzkoako Txapelketan Manuel Lasartek Aitor Mendiluzeri txapela jantzi zioneko eszena: Mendiluzek malko iheskor bat xukatu eta Lasartek ekin zion bertso parea botatzeari, zer esateko, eta maitasuna adierazteko bertsozaleei.

Eta atzerago eginez agertzen da Franki baserria, Leitzaranen, garai bateko trenaren bidetik ez urruti. Baserri fotogeniko bat, han barrenean, ipuinetakoa, edozein istorioren sorleku izan zitekeena.

Usain txarra zerion ogi zakar nazkagarriak hondatu omen zion urdaila gerra ostean. Gaixotasunak lagunduko zion agian naturak emandako gorpuzkera lerden horri eusten. Eskultoreen modelo izan zitekeen, aurpegia nahigabeek zizelkatua, eta hala ere serenitatea galdu gabe.

Eskola sobranterik ez izan arren, ia hamar liburu utzi ditu argitaratuta. Bertsotik prosarako jauzia ere egin zuen. “Gordean neuzkanak”, “Beranduko lanak”, a zer izenburu parea, edozein kazetari edo idazleri hortzak zorrozteko modukoa.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!