Josi Basterretxea: Atenaseko sua

Euskalerria Irratia 2012ko ots. 13a, 16:00

Nafarroako elurrak baino, Atenaseko suak ikusi ditut. Su eman diote Atenasi, Europar Batasunak ezarritako neurri ekonomiko latzen kontrako protesten erdian.

Atenas sutan. Gogora etorri zait Pertsiako Errege zaharrak Grezia bere mendean hartu zuenean, Kristo aurreko bosgarren mendean, su eman ziotela Atenasi. Termopiletako guduaren urteak ziren.

Baina, historiako suak dira horiek. Orain, su biziak –modernoak– daude Atenasen, politika neoliberalaren aurkako protesta gisa… Zer egin behar du lana galdu eta soldata gabe geratu den herritarrak?  Hipoteka ordaindu ezinik, etxea galdu duen herritarrak zer egin behar du? Galdera bai, egin egin daiteke. Alabaina, ez da erraza erantzuten.

Bitartean, lana galdu eta beren buruaz beste egiten duten herritarren kopurua gora datorrela-eta, Frantzian, gugandik hurbilago jada, kabinete berezia sortu du Administrazioak, laguntza psikologikoa eskaintzeko langabetuei.

Politika neoliberalak ez du arazorik jendea lanik gabe uzteko, baina ez zaio gustatzen jendeak bere buruaz beste egin, eta kontuak egunkarietara jauzi egitea… Hipokrita asko dabil munduan; inora joan gabe, baita gure etxean ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!