Fanfarroikeria ala profezia? Lurpean sartuta ere, bere aipamenak "beste larogei urtian" adituko zirela iragarri zuen. Laurogei urteko epe hori 2016an beteko da, lau urte barru. Ez zuen hutsik egin Jose Manuel Lujanbio Txirritak. Hortik datorkio izenburua Alberto Barandiaranek Euskal Herriko Bertsozaleen Elkartearen 25. urteurrenaren kontura egindako liburuari. Azken mende laurdenean bertsolaritzak zer bide egin duen, bide horretan nolako erabakiak hartu dituen, zein desafio gainditu behar izan dituen... Horiek guztiak eta gehiago bildu ditu Barandiaranek, hainbat elkarrizketa eginez. Horretaz guztiaz mintzatu da Barandiaranekin Mikel Bujanda lankidea.