Eztabaida sarean dago, bizi-bizi. Zinez zaila da irensten. 636.924 euro, nafar bakoitzeko bat, eman zion Nafarroako Gobernuak Lorkako Udalari, lurrikararen ondorioak gozatu beharrez. Bistan dena, etxeak berreraikitzeko eta kaltetuei laguntza emateko eman zien dirua. Lorkako Udalak, ordea, zertan xahutuko eta aste santuko prozesioko pasoak konpontzen.
Eman du azalpena udal horrek: Aste Santuko prozesioa oso garrantzitsua da Lorkako jendearentzat, nazioarteko besta da, eta herriari bizia eta dirua ekartzen dizkio. Kopeta behar da gero. Lorkako Udalarena, PPkoa baita, eta Nafarroako Gobernuarena, UPNkoa baita. Haserre egoteko motiboak badira, behin berriz. Baina beharbada pelikula bertze alde batetik ikustea ere komeni: demagun lurrikara bat Iruñean. Ehunka zauritu eta kaltetu. Demagun San Ferminen irudiak ere kalte hartzen duela.
Hemen ere, nola imajinatu San Fermin batzuk, San Ferminen irudia, gure totem hori, kalez kale ibili gabe? San Fermin ere nazioarteko besta baita, herriari bizia eta dirua ekartzen dizkiona. Eta hemen ere jendea baita, Jainkoarengan eta Lorcako prozesioan sinesten ez duena, baina San Ferminengan bai.