“Ados al zaude Eskozia herrialde independentea izatearekin?”. Galdera zuzena. Laburra. Demokratikoa oso. Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak argi hitz egin du: “Hauxe izan daiteke independentziaren belaunaldia”. Jakin erabat ez daki herri galdeketak izango duen emaitza zein izango den, independentziaren aldekoak eta kontrakoak pare-parean daudelako Eskozian, baina horrek ez du kezkatzen ariketa demokratiko bat praktikan jartzen denean
Emaitzari ez baitzaio beldurrik izan behar herritarrei hitza eskatzen zaienean. Eskozian ez dute beldurrik. Ez diote beldurrik independentisten porrotari. Eta beldurra baldin badiote, ez die ajola, indar gehiago baitauka Europako Batasuneko estatu indartsu baten barruko nazio batek erreferenduma egiteko eskubidea praktikara eramateak
Inbidia ematen dit Eskoziak, adinez nagusia den nazioa erakusten ari delako. Gure herriak eta Espainiak asko dute ikasteko Londrestik eta Edinburgotik. Alde askotatik. Nora begiratu badugu. Jarraitu beharreko eredua badugu. Ez da lehena eta bakarra, gainera. Quebec ere hor dugu. Erabaki eskubidea aldarrikatu duten estaturik gabeko nazioen bidea jorratzen lehenetarikoa izan zen hura.
Adibideak soberan ditugu gure inguruan.
Bai. Ordea, nago eskas gabiltzala kultura demokratikoan, ausardian eta batez ere, borondate politikoan.