Fermin Erbiti: Jimenezen maratoia, maldan gora

Euskalerria Irratia 2012ko ots. 7a, 20:00

 

Sevilla hiri ederra eta oso atsegina da asteburu baterako, batez ere Iruñeko negu luzearen erdian batek zamarra alde batera utzi nahi duenean. Hona bueltatzean, ordea, hotzago bihur daiteke negu gorriaren sentsazioa, hemengo sozialisten buruari gertatu zaion bezala. Termometroek antzeko tenperatura adierazten badute ere, Jimenezentzat hotz handiagoa egiten du gaur pasa den astean baino.

Nafar sozialisten buruak, dakizuenez, Chaconen aldeko apustu garbia egin zuen, beste inork baino lehenago, beste gehienek baino ozenago. Eta apustuan huts egin du, Rubalcaba nagusitu delako. Etsai sutsuenek ere aitortuko dute Rubalcaba politikari argia eta azkarra dela. Gaztetan punta-puntako atleta izan zen, ehun metrotan hamar segunduren bueltan zebilen tipo, eta hori munduko errekorretik oso-oso hurbil dago.

Politikan, ordea, Rubalcabak distantzia luzea nahiago duenez, Gonzalezen garaian abiatu eta hor segitzen du, orain aginte makila eskutan. Guk dakigula, Jimenez ez da Rubalcaba bezain azkarra. Politikari gehienek bezala maratoia egin nahi luke, baina larunbatetik begi-bistakoa da distantzia luzeko ibilbidea maldan gora jarri zaiola.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!