Aitor Etxarte: Zer gara gu, nor gara gu?

Euskalerria Irratia 2012ko ots. 7a, 09:44

Coppolaren The Godfather filma ikusten ari nintzen. Ezaguna duzue. Fikziozko narrazioetan ohikoa da pertsonaia nagusia gertaera gehienen ardatz izatea. Don Vitok bere nitasun ilun, erabatekora hurbiltzen gaitu. Ondoan gara eta esaten duena, edo ez duena, ulertuz enpatia sortzen du, egindako guztia ezinbestekoa izan dela sentitu arte.

Gertu sentitzen dugu familiarekiko duen ardura sutsua, hezi gabeko dotorezi sinplea, hurbileko kideen desgraziek sortzen dioten min sarkorra, egitasmoak gauzatzeko erabilitako grina edo porroten aurrean erakusten duen duintasuna. Filma bukatu eta, agian, ez gara ohartu hitzez aparteko jarduerek erakutsi dutena, berak agindutako ekintzek sortu dutena.

Lagunekin solaserakoan antzerako jokatzen dugula ematen du. Iritziak edo usteak trukatzen ditugu. Egiten dugunaz eta dutenaz ez gara garbiki mintzatzen. Eremu zikina da ekintzena, guztion aurrean dagoena. Psikoanalisiak aspaldi erakutsi zuen gure barne bizitzaz dugun esperientzia, gutaz gure buruari kontatzen diogun istorioa, oinarrian, gezurra dela. Barne bizitza ustez aberatsa, benetakoa, egiazkoa, zinezkoa hipokresia da, identitate sinbolikoa gordetzeko sortzen dugu, kaotikoak diren bizi-emozioak leundu eta bat egiteko balio duena.

Egia-dio Lacanek- kanpoan da, egiten dugun horretan. Hori da gure eta besteen benetako istorioa.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!