Ez da lehen aldia. Lehenago ere etorri dira Jaurlaritzaren laguntzak, eta lehenago ere haserre hemengo Gobernua. Tristea da. Nafarroako erakundeek egin nahi ez dutena, Euskadikoek egin behar. Euskarak eta euskal kulturak bizirik irauteko tresnak inanizioz hiltzera kondenatu nahi ditu Nafarroako Gobernuak, eta haserre gorrian bihurtzen da zer jana eta zertaz bizia gure mendebaldetik etortzen delarik.
Barcinaren eta Irabasen atzokoak lekuko. Haien hitzetatik ondorioztatzen denez, Nafar Gobernuak erabaki du Lodosa-Sartagudako ikastola ixtea eta erabaki horri traba egiten dion ekimena da Gipuzkoako Diputazioaren dirua. Nardagarriak. Etor bedi diru hori, eta bizi bedi Ebro ertzean kokaturiko ikastola tiki eta jatorra. Laguntza horiek, ordea, ez daitezela izan tikitasun hori nola gainditu, egin behar lukeen gogoetari ateak ez irekitzeko aitzakia.