Eta Nagore Laffage etorri zait burura. Nola haren hiltzailearen epaiketak, azkenean, Nagore bera epaitzeko balio izan zuen. Gogoan dut nola epaiketan behin eta berriz galdetzen zen zer zela-eta igo zen Nagore erasotzailearen etxera. Gogoan dut nola Abasoloren kasuan bezala, pertsona ezaguna zela Jose Diego Yllanes eta familia dirudunekoa. Eta nola, bien kasuan, behar baino zigor txikiagoa jarri zaiela.
Abasolori indultua eman diote. Yllanesi merezitako zigorra baino askoz gutxiago eman zioten. Bi kasu. Errealitate bakar bat.
Merkea da emakumeak erasotzea. Musutruk hil daitezke emakumeak. Eta bitartean erakundeak axolagabe ari dira, emakumeen duintasuna eta segurtasuna gizarte osoaren ardura ez balitz bezala. Sexu erasotzaileekin tolerantzia dago. Bai. Badago. Eta tolerantzia horrek ahalbidetzen du urtez urte emakumeen aurkako indarkeriaren kasuen zerrenda zerotik hastea. Zerrenda luzea osatu arte. Beti zerotik. Baina inoiz ez zero bukatuta.