Hasten da bat periodiko pasa egiten eta lehenengo topatzen duen argazkian egun batean bai eta hurrengoan ere protagonista den Merkel anderearekin egiten du estropezu; oraingoan partenairea aldatu egin du, Sarkozyren ordez Cameron du mintzaide eta aldamenean, Durao Barroso. Argazki horren ondorioak dira nolabait orrialde beretik hasi eta hurrengoetako eszenak ere: murrizketen kontrako greba orokorra Belgikan, irakaskuntzako murrizketen aurkako ikasleen protesta Lizarrako institutuan, Spanairreko langileak –langile ohiak dagoeneko- Loiuko aireportuan batzartuta, erregulatze eta kaleratzeen aurka Iruñean egindako martxaren irudia…
Egunkariaren erdi erdian stop, semaforo gorriak gerarazten du bista: alerta gorria euskalgintzan, bi orri beteko erreportajea. Berriro ohera itzuli eta bardako amets goxoetan bezala arazotxoren bat konpondu eta krisiari koska bat jango bagenio sikiera…
Periodikoa bukatzear dagoela, oasi bat, Zubieta-Aurtitz-Iturendik dagorkiguna. Irudiak betikoak dira, izatekotan ere urtetik urtera bizar zuri gehiago ageri ote diren azpiko gonaz eta ardi larruz jantzita. Antzinatik datorren aire freskoa, goibeltzearen kontrako konjurua. Joaldunetara apuntatu da Zakilixut ere gaur.