Nafarroako hainbat osasun-zentrotan erizainek mediku-lana egin behar dute. Gaixoak zita eskatzeko deitu eta, batzuetan, aukera bakarra erizainarengana joatea dela esaten diote, “balorazioa” egin diezaion. Balorazioa, horrela esaten diote. Eta nago erizainek balorazioa behar bezala eginen dutela, baina balorazioa guk, biztanle guztiok egin beharko genuke. Izan ere, osasun zentroan medikurik ez dugun bitartean, edo ikastetxe publikoak behar bezala garbitzeko dirurik ez dagoen bitartean, Los Arcoseko Zirkuituaren zuloaren tamaina ezagutu dugu, Torres kontseilariak emaniko informazioari esker.
Desastre egina dago, zer eginen diogu. “Hura inbertsio txarra izan zen, baina erantzukizuna UPNrena da”, hala esan zuen. Zaila da aldi berean barre eta negarra eragin ditzakeen balorazioa egitea. Historiaurretik UPNkoen eskutik helduta ibili den alderdi sozialistako ordezkariak lortu egin zuen.
Psikologoek esana badakigu barre egitea eta negar egitea oso onak direla. Pentsatzekoa da are onuragarria izanen dela biak aldi berean eginez gero. Beraz, faborez, kontseilariak politikagintzan luze segi dezala, bestela, agian, osasun zentro batera bidaliko luketeelako erizain... balorazioak egitera. Eta hori oso arriskutsua izan liteke.