Aspaldi irakurritako testuak gogora ekartzea gustatzen zaidanez, eta orain gutxi Txillardegi joan zaigulako, Leturiaren egunkari ezkutua, euskal eleberrigintza modernoa abiarazi zuen nobelako pasartetxo bat irakurri nahiko nuke (hasierako pasarte bat).
“Bakarrik nago ‘Zerubide’n”, hasten da nobela. Parke bat da Zerubide, eta bakarrik egotera joan da protagonista.
“Zugazti onetan sartuta, bere kerizpe indargarrian murgildu, ta badirudi beste mundu zoragarri bateko sarreran nagoela. Biotza ukitzen dit bere olerkiak.
Orain, esaterako, alki batean exerita, urmael txiki borobil bat dut aurrean, nere lagun bakarra. Ez uste izan berak apaindura fiñak dituenik, ez: iturri apala da guztiz, neri gustatzen zaizkidan bezelakoa: goldioak berdez margotua, iturburuaren xirripa etengabeaz besterik ez du. Ta or ari dira txirri erabetiaren tantotxoak, jauzika, uraren ispillua urratzen; eta gañean igerika ari diran osto-puska ariñak, otzikarak artuta gisan, gora ta bera mugiarazten.
Arratsalde ederra gaurko au. Ortzea garbi goialdean, itzalak igikor lurrean, arnasgarri aize-bala frexkoak, eta landare-usaia… osasuntsu.
Udaberriaren ederra!
Bakarrik nago, bai, ta ondo alere. Gizonak bere begien aurrean belar izpi bat duelarik gogaitua dagoela esan aal dezake?”
Ez dut jarraituko irakurtzen, hobe delako hori norberak egitea; baina testuak testuari deitzen dionez, Zerubideko pasarte honek gogorarazi didan ipuin bat ere ekarri nahi nuke, gero norberak jarrai dezan testua testuari josten.
“Putzua” izena du Luis Mateo Diezen mikroipuin honek:
“Nire anaia Alberto putzura erori zen bost urte zituenean.
Familiarentzat tragedia izan zen, denborak eta senide asko izateak bakarrik arintzen duten horietakoa.
Inor ez zen putzu hartara hurbildu, hogei urte beranduago, nire anaia Eloy ur bila joan zen arte.
Ontzian, botila txiki bat aurkitu zuen, eta barruan papertxo bat.
‘Beste edozein mundu bezalakoa da hau’, zioen mezuak”.