Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia dut begien aurrean. Traje ilun eta gorbata marradunarekin ageri da. Sabino Arana Fundazioak urtero ematen dituen sarietako bat eskuratu du asteburu honetan irlandarrak.
Aieteko Adierazpenaren bultzatzaileetakoa izan da Bertie Ahern. Berarekin batera, Kofi Annan Nazio Batuen idazkari nagusi ohia, Gro Harlem Norvegiako lehen ministro ohia, Pierre Joxe Frantziako barne ministro ohia, Gerri Adams Sinn Feineko presidentea, eta Jonathan Powel Erresuma Batuko kabinete buru ohia aritu ziren.
Aieteko Adierazpenaren harira etorri zen ETAren agiria konfrontazio armatuaren amaierarako konpromisoarekin.
Sabino Arana Fundazioak emandako saria jasotzean, Bertie Ahern-ek esan du bakea arerioekin egiten dela, ez lagunekin.
Hortik datoz beraz zailtasunak. Alegia, oso bestelakoen artean egin behar izaten dela bakea. Hori ulertu behar dute alde biek. Hori onartu, eta hori praktikatu behar dute. Beraz: arerioekin egiten da bakea, ez lagunekin. Badugu zer ikasia.