Ezinezko albisteak

Euskalerria Irratia 2012ko urt. 30a, 09:16

BCBLren aurkikuntza harrigarria: bertsolariak gizakiak dira

Bertsolarien burmuina ikertzen ari dira BCBLko (Basque Center on Cognition, Brain and Language) zientzialariak. Eta dagoeneko ondorio guztiz harrigarria atera dute: “Pertsona arruntak dira, ez dira Ganimedesetik etorritako zibilizazio aurreratuago bateko estralurtarrak, ezta erradiazio nuklearraren bitartez superbotoreak lortu dituzten superheroiak ere”, azaldu dio ikerlarietako batek Serio Demonioko erredaktoreari. “Ez genuen halakorik espero. Ikusita euskaldunek nola gurtzen dituzten; ikusita bertsolaritzan ez ezik euskal kulturgintzan, iritzi publikoan, politikan zer nolako presentzia duten, ez genuen uste pertsona normalak zirenik”, gaineratu du. Beraz, urtetan asko zabaldu den teoria gezurtatu dute: “Esaten zuten Andoni Egaña jaio zen egunean, 1961eko urriaren 2an, Zarautz inguruan, Objektu Hegalari Ezezaguna ikusi zutela, eta bera horretatik jaitsi zela. Egin ditugun azterketak egin eta gero, hori ez dela egia ziurta dezakegu”. Prentsan agerturiko irudiekin ez nahasteko ere eskatu zuen: “Egia da elektrodoz josiriko kaputxa zuria jantzita Egañari kosmonauta sobietar itxura jartzen zaiola, baina hortik martetar izatera tarte handia dago”. Zientzialariak, ahapeka, beste deskubrimendu bat aitortu zuen: “Tronpatzeko batere arriskurik gabe baiezta dezakegu bertsolariek txiza egiten dutela. Oraindik ezin izan duguna argitu, kaka ere egiten ote duten”.

Gezurtatze Batzordea sortuko du Espainiako Gobernuak

Gezurtatze Batzordea sortuko du Espainiako Barne Ministerioak, Serio Demoniok jakin ahal izan duenez. Aste honetan, ministroak esan du ETA berrantolatzen ari dela, borroka armatura itzuli ahal izateko. Mezuari, baina, sinesgarritasun gutxi aitortu dio iritzi publikoak. Arazoa izan da ministroak adierazpenok egin eta gutxira, Egiaztatze Batzordeak jakinarazi duela ETAk indarkeria behin betiko uzteko konpromisoa berretsi diola. Bere eraginkortasuna ikusita, eta sinesgarritasuna lortze aldera, Egiaztatze Batzordea kopiatzea, haren klon simetrikoa sortzea erabaki du Barne Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak Aieteko Konferentziarekin egin duen bezala. Bere izenak ederki islatzen duenez, Gezurtatze Batzorde horren zeregina Egiaztatze Batzordeak dioen guztia gezurtatzea izanen da. Dagoeneko, nazioarteko zenbait pertsonaia itzal handikorekin harremanetan jarri dira, batzordekide izatea proposatzeko. Esaterako, Jose Mourinho Real Madrileko entrenatzailearekin mintzatu dira, polemika sortzen eta ezetz esaten trebea dela-eta. Baina proposamenari hain zuzen ere ezetz erantzun dio: “Joan den astean bertan, ministroak bizkartzain kopurua murriztea erabaki zuen, hain zuzen ere ETAk armei agur esan diela argudiatuz. Horrela ezinezkoa da inor konbentzitzea ETAren jarduera armatuaren itzuleraz. Zergatik egiten duzue hain gaizki? E? Zergatik?”.

Ezinezko albiste laburrak

Gaur tutti-fruttiaren ordez, ezinezko albiste laburrak. Bat: Gasteiztar batek dio Rodolfo Ares irribarre egiten ikusi duela. Ezohiko gertakaria iragan astelehenean jazo omen zen, betiere bere izena ezagutzera eman nahi ez duen gasteiztar honen arabera: “Ogia erostera nindoan eta Aresen auto ofiziala nire ondotik pasa zen. Barne sailburua leihotik begira zihoan. Neskatiko txiki bat pilota batekin jolasean ikusi zuen eta orduan gertatu zen, orduan irribarre egin zuen”. Serio Demoniok giza morfologian aditua den zientzialari bati albiste honen inguruko iritzia eskatu dio. Bere ustez, lekuko gasteiztarra oker dabil: “Seguru asko, kristalaren islaren batek pentsarazi zion Ares irribarre egiten ari zela, baina hori ezinezkoa da. Bere aurpegiaren ezaugarri morfologikoengatik, Aresek ezin du irribarre egin”. Bi: Mutil bat amerikanaz jantzita sartu da Iruñeko Herriko Tabernan. Iragan ostegunean gertatu zen, bazkaltzeko orduan. Aurretik batere abisurik eman gabe, 25 bat urteko mutil bat Carmen karrikako Herriko Tabernan sartu zen, amerikanaz jantzita. Hori gutxi bailitzan, soinean ez zeraman mendiko jantzi bakar bat ere: ez zapatilarik, ez forro polarrik, ez zirarik. Espero zitekeenez, horrek izua eragin zuen tabernako ohiko bezeroen artean. Neska bati jaten ari zen makarroietako bat kontrako eztarritik joan zitzaion eta itotzear izan zen. Beste mutil bat zorabiatu egin zen, eta konortea galdu zuen. Suhiltzaileen kamioi bat eta Gurutze Gorriaren anbulantzia bat bertaratu ziren, zaurituak artatu eta gainontzekoak lasaitzeko.

(Patxi Huarte Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak 2012-1-29an Berrian argitaratua)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!