Haserre baina umoretsu. Tinko baina irudimentsu. Halaxe ari dira Eulen eta Ciclo Tecnigral enpresetako lorezainak, haien lanpostuen defentsan. Esterako, Nafarroako Gorteen kalea birbataiatu egin dute. Murrizketen kalea izena jarri diote. Bistan da hitz jokoa gazteleraz pentsatua dela: Cortes eta Recortes. Dena dela, euskaraz ere hainbat afixa sortu dituzte. Konparaziora, Biurdana parkean jarritako batean "Loreak ere gurekin greban". Horrek inspiratu digu albistea laguntzen duen ilustrazioa. Goiburu prosaikoagoak ere badarabiltzate. Adibidez, "Urdangarin, lorategiko lanak zuk egin".
Eulen eta Ciclo Tecnigral Iruñeko lorategiez arduratzen dira, eta UPNko udal aginte taldearen %20ko murrizketaren harira, enpresek 19 lagun kaleratu nahi dituzte. Lorezainek hiru aste daramatzate greban, ELA, LAB eta Solidari sindikatuen sostenguaz. Eta halaxe segituko dute, Maialen Huarte lankideari azaldu diotenez. Enpresaburuen negoziatzeko interesik eza salatu dute, baita Aldi Baterako Lan Enpresen bitartez (ETT) langileak kontratatzen ari direla ere.