Edurne Begiristain: Bi epaiketa

Euskalerria Irratia 2012ko urt. 26a, 08:16

 

Honezkero ez nau harritzen Espainiako hedabideek euskal auziarekiko duten jarrerak. Beti izan baita berbera. Partziala, interasatua, alde bakarrekoa. Beti pentsatu dut normala dela Espainiako gizartean Dena ETA da lelo famatua ongi sustraitua egotea, boterearen aldeko komunikabide ofizialak informazio iturri bakartzat dutenen kasuan behinik behin. Eta egun hauetan hedabideetan irakurritakoak arrazoi eman dit, beste behin ere.

 

Bi epaiketa izaten ari dira Auzitegi Nazionalean aste honetan. Komunikabideentzat, baina, bakarra. Gora ETA ohiukatzeagatik epaigelatik kanporatuak izan diren ustezko etakideen aurkako epaiketak bereganatu ditu titular guztiak. Eskandaluaren mailara igo da notizia. Ustezko etakideen argazki eta irudiek bete dituzte albistegiak. Epaituak gupidagabeak, hiltzaileak, eroak eta terrorista hutsak direla azpimarratu nahi izan digute, hori baino ez. Hori bakarrik. Eta hitzik ez ustezko etakideek egindako tortura salaketen inguruan.

 

Beste epaiketa bat ari da izaten egunotan Madrilen. 2003an legez kanporatzea salatzeagatik terrorismo delitua leporatzen dieten Aiaraldeko hemeretzi herritar ari dira epaitzen. Hiru eta sei urteko kartzela zigorra eskatu dituzte haien aurka, PPko hautetsiak erasotu zituztela argudiatuta. Hitzik ez epaiketa honen inguruan Espainiako komunikabideetan. Interesik ez du Auzitegi Nazionalean epaiketa politikoak egiten direla zabaltzeak.

 

Garai berriak bai, baina gauza batzuk lehengo lepotik.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!