Iñaki Irisarri: Gurutze-ontzia

Euskalerria Irratia 2012ko urt. 25a, 20:01

Titanic  erraldoiaren katastrofea ekarri digu gogora hein batean Costa Concordia gurutze-ontziak.  Oraingo honetan, Titanic bezain handia ez den itsasontzi batek izan du ezbeharra eta ez da hainbeste jende hil; hala ere, orduan bezala, istripu ikusgarria izan da, eta gogoeta egiteko aukera ematen du, bai bederen istripua sinbologiaren mundura eramanez gero.

Titanic ondoratzeak apalago izaten irakatsi zigun, harrokeria zer ahul den erakutsita. Aldeak alde, Costa Concordiaren ezbeharrak ere zer pentsatu eman beharko digu. Nik, gure egoera ekonomikoaren antza igartzen diot alde askotatik.

Hasteko, Mediterraneo itsasoan gertatu da. Mediterraneo aldea, badakizue, zibilizazio askoren sorterri eta hilobia izan da; zibilizazio handiak izan dira bertan, garaiezinak eta betiko ziruditenak, baina azkenean hondoa jo zutenak.

Concordia izen hori, bestalde, Europako herrialdeen arteko adiskidantza eta elkarlanaren omenez jarri omen zioten. Orain, noski, beldur gara Italiako itsasontzi horrek ez ote digun erakutsi zein den Europar Batasunaren etorkizuna.

Gezurra ere protagonista izan da ezbeharrean; lasaitzeko mezuak baino ez ziren agertu tripulazioko kideen ahoetan, ia-ia ur gaziak beheko ezpaina busti zien arte.

Eta, batez ere, irudi bat izan da oso esanguratsua. Telebistan eta ez dugu ikusi, baina gertatu da. Irudikatu: itsasontzi handi bat hondoratzeko bidean, eta bidaiariek gorriak eta beltzak ikusten zituzten bitartean, ontziko kapitaina kostarako bidean ihesi txalupa azkar batean. Txaluparen izena ez dute aipatu. Baietz Gure Banka edo antzeko zerbait deitu...

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!