Gorka Bereziartua: Urte berri hernaniarra

Euskalerria Irratia 2012ko urt. 23a, 18:42

Mundua konpontzen saia zaitezke txuleta puska bati haginka, odola ezpainetan behera, aldez aurretik jakinik ez dela jarrerarik onena ezer lortzeko. Urtarrilaren 1ean hasten da urte berria planetaren gehiengoarentzat, txinatarren eta hernaniarron salbuespenarekin: guretzat pixka bat beranduago dator benetako ospakizuna, Sarriegiren doinuekin danbor desakonpasatuek Donostia burrunbatzen duten egunetik gertu, Hernanin (herri oso leiala, oso noblea eta inoiz ez garaitua) sagardoa kristalaren kontra lehertzen denean, gutxi eta maiz, gutxi eta maiz, bertakoak eta kanpokoak horditzeko. Denak batira sagardoaren naziokoak urte berri hernaniarrean, mingainak loditzen diren neurrian, bat langabezian dagoela jakiten duzunean, bestea ondo dabilela Frantziako hiri hartan, Realaren jokoa bai tristea azkenaldian eta zein ondo geunden orain dela ez hainbeste, guztiak ez elkartzeko arrazoia agenda zenean, ez lagunei muturren aurrean itxi dizkieten barroteak. Ez dugula asko kantatzen orain, alde ederrekoa zela iazko sagardoa, bakailaoa, haragia, gazta, intxaurrak, digestio txarrekoa izanagatik beti edan nahi duzun azken tragoa. Munduko gainontzeko urte berrietan bezala, urte berri hernaniarrean ere zerbait aldatuko denaren zantzuak bilatu nahi zenituzke edalontzi hutsaren hondora begira, baina etxera bidean ondo dakizu, sagardoak edo konbertsazioren batek ahoan utzi dizun mikatz hori dela etorkizuna hoberen esplikatzen duen zaporea.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!