Merced kalean, bizirik zegoen garaietan, goizeko zortzietan azpiko zurginak zerra elektrikoa martxan jartzen zuen ulu mekaniko bikaina eginez. Pareko gaseosa fabrikan hasten ziren egurrezko kaxak batetik bestera espaloian pilatzen. Ondoko etxeko kortara itzuleran ziren Teileriako askatik bi mando erraldoiak apatxen erritmoarekin kaleko katuak esnatuz. Balkoiak eta leihoak, han-hemenka, irekitzen ziren kardantxiloak gakotik zintzilikatzeko edo hautserako zapia astintzeko. Atariak zabaldu eta kolpez itxi egiten ziren helduak eta zaharrak bere zereginetara joateko.
Eguneroko errepikapenak, normaltasunaren seinale direnak. Gogoa lasaitu eta aho txikiarekin esaten diguna: Tira, beste egun baten hasiera!
Ba dira ere beste errepikapenak higuingarriak, mingarriak, zapaltzaileak. Egunero jasaten ditugu. Chaplinek Garai Modernoetan bikain erakutsi zituen lantegiko katean pertsonak tresna bihurtzen direla. Lan egiteko modu hauek eremu askotara hedatu dira: supermerkatuko kutxaren langilea, bulegari askorena, sukaldari industrialena…
Marvin Harris antropologoak dio: Bulego, eskola edo ospitaletan egiten diren lan sinple, monotono, ohiko eta errepikakorrek sorrarazten dute pertsonarengan industrietako langileengan sortzen duten ondorio suntsikor berdinak. Kasu guztietan langilea aspertu eta interesa galtzen du egiten duen horretan.