Xuxan, Lo eta Basaren mitoa

Euskalerria Irratia 2012ko urtarrilaren 23a

Maite ditut maite zure geneak…

Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari talde baten arabera, baztandarrak lehen europarrak izan litezke, bailarako egungo herritarren geneetan duela 15.000 urteko europarren arrastoak aurkitu baitituzte. Oraindik ezagutarazi ez dutena, ikerlari talde diziplina artekoa dela, eta genetistak ez ezik antropologoak eta arkeologoak ere badituela. Serio Demoniok jakin ahal izan duenez, arkeologoek Baztanen topaturiko aztarnetan oinarriturik, antropologoek euskal tradizioko eta hartara Europako lehen mitoak eta pertsonaia mitologikoak berreraiki ahal izan dituzte.

Xuxan

Pertsonaia mitologiko nagusia Xuxan da. Gainontzekoak inguruan jiraka dituen ardatza. Duela bi mila urte sorturiko Kixmiren beste aurpegia da: aurkia eta infrentzua. Jentilen akabera ekarri zuen kristautasunari Kixmi deitu zioten, eta mehatxutzat hartzen zuten, hodei mehatxugarritzat irudikatuz. Xuxan hain zuzen ere kontrakoa da, egunen batean euskal jendeari bakea eta askatasuna ekarriko dien pertsonaia mitologikoa, itsaso zabalaren bestaldetik etorriko dena, eta neolitikoko amatasunaren irudien antza duena, bular oparokoa eta abar. Hainbatek Xarandon ere deitzen zuten. Zenbaitzuk bi izenak batera darabiltzate: Xuxan Xarandon.

Lo

Duela 15.000 urteko baztandarrek uste zutenez, bi mundu existitzen dira: batetik, mundu erreala dago; bestetik, ametsen mundua, lo zaudelarik bisitatzen duzuna. Eta bigarren mundu horretan, Lo izeneko pertsonaia da nagusia, burua, erregea. Lo beti lo dago, etzanda, deus egin gabe. Horregatik da ametsen mundua horren kaotikoa, hankarik eta bururik gabea: agindu behar duenak ez duelako agintzen, ez duelako ordenurik jartzen. Baina mendeak eta mendeak deus egin gabe eman eta gero, gizaldiak eta gizaldiak lo igaro eta gero, halako batean Lo iratzarri eginen da, eta garrantzi handiko pertsonaia izanen da, berak deituko baitu Xuxan itsasoaren bestaldetik bakea eta asatasuna ekar ditzan. Hainbatek pertsonaia hau Patxi ere deitzen dute. Zenbaitzuk bi izenak batera darabiltzate: Patxi Lo.

Basa

Euskal mitologian arrunt ezaguna da Tartalo. Basa bere aita da, bere arbasoa. Tartalok ez bezala, Basak bi begi ditu, baina dena begi bakarra balu bezala ikusten du, berarentzat dena da zuri ala beltz. Horregatik du begi bakarra bere seme mitologiko Tartalok. Basak enpatiarik eza, besteen lekuan jartzeko gaitasunik eza ordezkatzen du. Pertsonaia negatiboa da, gehienetan dena da beltz dakusana. Alta, Lo esnatzen delarik, Basak aldaketa jasanen du, Lorengan argia ikusiko du, dena betz ikusteari utzi eta dena zuri ikusten hasiko da. Eta hori horrela, Xuxan itsasoaren bestaldetik ekartzen lagunduko dio. Hainbatek Goiti ere deitzen dute. Eta zenbaitzuk bi izenak darabiltzate: Basa Goiti. Errelato mitologiko honen arabera, Xuxan, Lo eta Basaren artean ekarriko dizkigute bakea eta askatasuna.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!