Joan den astean, Euskararen Legea aldatzeko enegarren proposamena atzera bota zuen Nafarroako Parlamentuak. Eztabaidan euskararen alde erabilitako diskurtsoa pobrea, grisa eta errepikakorra iruditu zitzaion Aitor Etxarteri, eta halaxe azaldu du Pasahitza saioan. Bere idurikoz, aspaldi honetan euskarari eta euskal kulturari buruzko diskurtso berri eta interesgarriak sortzen ari dira, baina zenbait politikari abertzalek zein euskalgintzako hainbat kidek garai bateko argudio zaharkituetan ainguraturik segitzen dute. Gu, euskaldunok, batetik. Haiek, erdaldunak, bestetik. Diskurtso manikeo horiek gainditu behar direlakoan dago Etxarte. Hain zuzen ere horri guztiari buruzko eztabaida prozesu irekia bultzatzen ari da Karrikiri elkartea, Karrisolasa goiburuarekin, eta Etxartek berak eta Bixente Serrano Izkok koordinaturik. Etxartek gurean Parlamentuko eztabaidari buruz esandakoak hona igo ditugu, interesgarriak direlakoan eta eztabaida piz dezaketelakoan.