Edurne Begiristain: Ekaitz

Euskalerria Irratia 2012ko urtarrilaren 19a

Tentsioa, amorrua, elkartasuna, itxaropena, maitasuna eta indarra. Sentimendu horiek denak uztartzea ez da samurra izaten. Ez da ohikoa. Baina gertatu da. Gasteizen gertatu da. Baina Euskal Herriko edozein txokotan gerta zitekeen. Eta gertatuko da. Ez dut zalantzarik.

Ekaitz Samaniego gaztea atxilotu zuten joan den larunbatean Gasteizen. Eta aski da oihua inoiz baino altuago entzun zen atxiloketa baino lehenago, atxiloketa unean bertan eta atxiloketaren osteko minutuetan. Eskutatuta zegoen Ekaitz hilaren hasieratik, bere egoeraren "bidegabekeria" agerian uzteko, eta epaiketa politiko gehiago ez egiteko exijitzeko. Eta haren alde egindako manifestazioaren ostean agertu zen jendeaurrean, jakinda atxilotuko zutela. Atxilotu bai, atxilotu zuten, baina jasotako elkartasun uholdeak eta kaleko salaketek marka guztiak hautsi zituzten, eta aurrera begira mugarria ezarri dute, duda barik.

Gazte izateagatik eta lan sozial eta politikoa burutzeagatik eraman zuten Ekaitz atxilo. Herri honetako beste gazte asko bezala. Ekaitzen nahia zen bere atxiloketak oihartzuna lortzea eta berea azkena izatea. Lortuko dugu! Aldarria bota zuen Ekaitzek atxilotu zutenean. Ziur asko Ekaitzek ez duela lortuko oraindik atxiloketa, epaiketa politiko, espetxeratze, kolaborazio eskaintza, edota zelatatze gehiago ez egotea, baina lortzeko bidean jarri du haren kasuaren inguruan egindako auzolanak eta protestak. Ez dut zalantzarik. Lortu lortuko dela.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!