Jon Orzaiz: Limoiondoaren ilunabarrak

Euskalerria Irratia 2012ko urt. 18a, 19:06

Leroy Brown zaharra goiko auzoan bizi zen, eta hamar urtean, ez zen apenas etxetik atera. Emaztea hil zitzaionetik, nekea besterik ez zuen sentitzen. Bizitzeko gogoa bera ere galdu zuen. Ordutik, bizi baino, biziraun egiten zuen Leroyk. Oroitzapenez elikatzen zen, aspaldi bizitako pasarteak behin eta berriz dastatuz, Evelyn maitearen zapore gozoa ahosabaian nabarituz. Orainean baino, iraganeko denboretan gelditu zitzaion kontzientziaren erlojua Leroy gaixoari.

Egutegiak emaztearen heriotza gogoratzen zion urtero-urtero, baina oraino, gizonak ez zuen hilerrira hurbiltzeko adorerik izan. Lore-sortak erosi bai, baina horiek Evelynen leku kutunean uzten zituen, Paddingtonen orubean.

Gazteak zirela, hor amaitzen zituzten maiteminduen paseo eta ibilaldi guztiak. Limoiondo eder bat zegoen bertan, eta haren magalean eseri ohi ziren. Bertatik, ilunabar ederra ikusten zen, eta izarrek limoiak jaten harrapatzen zituzten beti Leroy eta Evelyn.

Ezkondu ostean ere, bikoteak ez zion utzi limoiondora hurbiltzeari. Bertan kontatzen zioten elkarri sekretu guztiak, albiste garrantzitsu guztiak, kezka guztiak… Neguan, limoiondoak fruiturik ematen ez zuenean ere, maindire bat paratzen zuten belardian, eta bertan hartzen zuten tea. Hala agurtzen zuten urte zahar bakoitza, eta arbolaren inguruan dantzan, berriz, ongietorria egiten zioten urte berriari. Limoiondoarekin batera, Leroy eta Evelyn zahartu egin ziren. Batari zein besteei zimurrak atera zitzaizkien azalean, baina horrek ez zuen inolako garrantzirik. Beti bezain zoriontsu ziren. Zorion eta bizipoz horiek, ordea, ez ziren betirako izan.

Aurrerapenaren izenean, fabrika handi bat eraiki zuten Paddingtonen. “Badator etorkizuna!” zioten enpresak jarritako afixek, letra larriz. Eta etorri, etorri zen. Etorkizuna, garapena, teknologia eta letra larriz idatzitako hitz horiek guztiak harritzar bat bezala erori ziren bikotearen gainera. Limoiondoa izan zen etorkizun horren lehen biktima, induskailuek errotik moztu baitzuten beste ezer egin baino lehen. Haren ordez, enpresak tximinia erraldoiak eraiki zituen. Ilunabarra ere ezabatu zuten, ke laino zerratu batek estali baitzuen. Eta azkenik, Evelyn bera ere desagertu zen garapenaren izenean, ke kutsakorrak irentsita, gaixotu eta handik gutxira zendu baitzen. Etorkizunak eraman zituen limoiondoa, ilunsentia eta Evelyn. Egunsentiak bihurtu zituen iragan.

Evelynen heriotzaren hamargarren urteurrenean, Paddingtongo orubera itzuli zen Leroy. Urtero bezala, lore-sorta utzi zuen lurrean, eta maitasun hitzak esan zizkion haizeari, emazteak jaso zitzan. Baina, beste urteetan ez bezala, Leroyk bazuen beste zerbait egiteko asmoa. Mendeku hartzeko gogoa zuen. Ez zuen harririk jaurti. Ez zuen kristalik puskatu. Oihurik ere ez zuen egin. Horren ordez, limoiondo hazi bat landatu zuen fabrikaren aldamenean, lehengoa zegoen toki berean. Gero, lurrean eseri eta keak ikusten uzten ez zuen ilunabarra imajinatu zuen azken aldiz. Gero, begiak itxi eta, nekeak jota, hil egin zen.

Fabrikak ez zuen luze iraun zutik. Hura ekarri zuen etorkizun  berberak eraman zuen. Garapenaren izenean, fabrika itxi eta ordenagailuz beteriko bulego txikiak eraiki zituzten bertan. Baina bulego horien aldamenean, limoiondo txiki bat ari da hazten gaur egun. Eta haren hostoen artetik, ilunsenti ederra ikus daiteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!