Elena Torresi erretratua musu truk emanen dio artista talde batek

Euskalerria Irratia 2012ko urt. 18a, 11:27

Elena Torresi erretratua musu truk egin diote Vesarte artista elkarteko kideek. Datorren larunbatean eramanen diote koadroa foru Parlamentura, goizeko 11:30ean. Ohiturari jarraiki, Torres Parlamentuko presidente ohiaren erretratua enkargatu du Legebiltzarrak berak, eta horretara 6.980 euro bideratu ditu. Vesarteko kideek "diru xahuketa" hori salatu nahi dute, haien ekimen originala horren bitartez.

Artiston aburuz, "bidegabekeria handia" da dirua horrela gastatzea, "aintzat hartuz egun badirela premia askoz larriagoak, esate baterako, langabeak laguntzea, oinarrizko errenta edo osasun eta irakaskuntza publikoa indartzea". Albistea Patxi Huarte Zaldieroa gure kolaboratzaile finak bere blogean argitaraturiko muntaiarekin ilustratu dugu. Gure beste kolaboratzaile batek, Santi Leonek ere beste muntaia bat egin du, baina, egiaren aitortzeko, ez zaigu horren txukuna iruditu. Barka, Santi, baina zure bertute ugarien artean ez dago photoshoplari ona izatearena.

Jakina denez, Elena Torres egun Gizarte Politikako kontseilaria da, eta atzo Parlamentuak berak bultzaturiko Gizarteratze Errentaren Lege berria onartu zuen. Caritasek salatu duenez, lege horrek milaka lagun laguntzarik gabe eta gizarte bazterketaren mugan utziko ditu. Albistegietako lankideek gai horrekin zabaldu zuten atzoko eguerdiko albiste emankizuna, eta ederki azaldu zituzten lege aldaketaren nondik norakoak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!