Nafarroako Gobernuak %44 gehiago inbertitu beharko luke osasun sistema publikoan, Europar Batasuneko (EB) batez bestekora iristeko. Hala ondorioztatzen du ELA sindikatuak Osasunbideari buruz egindako txostenak.
EBn, batez beste, Barne Produktu Gordinaren %7,4 inbertitzen dute osasun sistema publikoan. Hemen, aldiz, %4,6. Beraz, EBko batez besteko horretara iristeko, foru Gobernuak, aurten, 437,4 milioi euro gehiago bideratu beharko lituzke osasun sistema publikora. Baina hori egin ordez, aurrekontua 60 milioian murriztuko du.
Horren ondorioz, ELAren arabera, Nafarroako osasun sistema publikoa kalitatea galtzen ari da: langile kopurua murriztu da, soldatek behera egin dute, Berriozarko emakumeen arretarako zentroa itxi dute, itxaron zerrendak handitzen ari dira, ospitaleetako sukaldeak pribatizatu nahi dituzte. ELAko Iñaki Zabaletak dioenez, egoera hobetzeko modu bakarra zerga sistema justuagoa da.