Josi Basterretxea
Berarekin eraman du ilbeltzak Manuel Fraga Iribarne. Espainiako egunkari askok dakarte politikari espainiarraren argazkia beren lehen orrialdeetan. Baita nafarren batek ere. Hemen, Euskadiko Erkidego honetan, inork ez, paperezko lehen edizioetan.
Frankismoan ministro, eta Monarkiaren aroan diputatu, senatari eta Galizako Juntako presidente, asko dago idazteko ama nafarra zuen politikari antieuskaldunaren biografian.
Toki batean baino gehiagotan behar bada, baina hemen ondo zikindu zituen bere eskuak Fragak, Gobernazio ministroa zen garaian. Mila bederatziehun eta hirurogeita hamaseiko martxoaren 3an, bost langile hil zituzten orduan bere esanetara zeuden segurtasun indarrek. Ez ditu Gasteizek berehalakoan ahaztuko greba egun eta ordu haiek.
Lorratz triste eta luzea utzi du Espainia monolitikoak Euskal Herrian. Eta, Fragaren eskua ez da arrotz izan langintza horretan.
Inoiz aipatu zuen ikurriña ez zela legezkoa izango bera bizi zela. Horretan ez zuen asmatu.
Fraga hil da: goian bego. Edukiko du zer konfesatua San Pedrorekin. Seguru asko.