Aitor Etxarte
Burgesiaren semea, euskal burgesiarena barkatu, kirolari arrakastatsua, Espainiako erret familiaren parte maitasunaren bidetik, kontsultore ezaguna, gizona, ederra eta zuria. Zer gehiago behar du irabazle batek?
Agian, negozioen zilegitasun marra labainkorrean irrist egin du, baina kapitalismoan burgesiak muga hori, eta guztiak, etengabe ezabatzen ditu eta horri esker lortzen du arrakasta. Nola lortu zuten fortuna Iturralde, Ibarra, BotÌn edo Huartetarrek?
Agian, Espainiako monarkiak eman beharreko irudi publikoaren marra urdina hautsi du. Monarkia guztien sormena muturreko bortizkeriarekin lotzen da, dinastiak lehiakideak armaz garbitu ondoren sortzen dira. Eta muturreko biolentzia erabiltzen dute boterean jarraitzeko. Zein da Albret, Tudor edo Borboien historia?
Urdangarin arazo erreala eta bi taburen sintoma da agerian dagoenaz ez delako hitz egiten: nola izan aberatsa, nola sustatu monarkia. Horregatik aferaz entzuten dudan gehiena inbidia dela iruditzen zait. Besterik gabe. Tertulietan, erabaki moralak hartzeko tenorean, ezaguna den hori esaten da: Zuk ere aukera izanik horrela egingo zenuke, jakina!
Lacanek idatzi du: justiziaren oinarrian inbidia dago, bestearen gehiegizko gozamena mugatzeko joera.