Urtarrilaren 5etik, Iruñean bada ETB digitalki, Lurreko Telebista DIgitalaren (LTD) bitartez, ikusteko aukera. Nafarroako Antenisten Elkarteko buru Asier Lasak aukera hori profitatu ahal izateko ikastaro azkarra eman digu Pasahitza saioan. Bi puntutan laburbil daiteke: A) Antena partikularra baduzu, aski da antena hori Erreniega mendira begira jartzea. Antenista batek 60 euro kobratuko dizu lan hori egiteagatik. B) Antena komunitarioa baduzu, antena Erreniegara begira jartzeaz gain anplifikadore bat erosi beharko duzu. Kasu horretan, antenistari orotara 250 bat euro ordaindu beharko dizkiozu.
ETBren LTDren bidezko zabalpena modu alegalean egiten ari dira. Lasak esan digunez, berak ez daki nor dagoen ekimenaren atzean, eta gainera “hobe da ez jakitea eta gauzak dauden bezala uztea”. ETB modu analogikoan jaso eta digitalki birbanatzen dute, 21. kanalean. Horretarako, tresneria garesti samarra behar da, “baina ez Nafarroako Gobernuak aipatzen zuen bezala milioi bat euro”. Oraingoz, ETB1 eta ETB2 ikus daitezke bide horretatik, ETB3 eta ETB Sat gurean ez direlako analogikoki. Lasaren idurikoz, horiek ere zabaldu ahal izateko, ETBrekin akordioa lotu beharko lukete.