Josi Basterretxea: Askatasun-printzak…

Euskalerria Irratia 2012ko urt. 9a, 22:41

Josi Basterretxea

Larunbateko manifestazioaren oihartzunak bizirik dirau gaurko egunkari batzuetan. Ez denetan, jakina. Euskal preso politikoen gaia ekarri du agendara Bilboko aldarri jendetsu horrek.

Argazki asko ikusi ditugu asteburu honetan, Bilboko manifestazioan aterata. Batek eman dit atentzioa: bost emakume ikusten dira batera bertan.

Adin askotakoak dira bost emakume horiek, zapi zuri bana daramate paparrean, kriseiluaren irudia dute bostek zapian. Eta burdinazko hesi baten ondoan daude.

Argazkiak ez du erakusten burdinazko hesiaren zein aldetan dauden… barrualdean ala kanpoaldean.

Metafora bisual interesgarria iruditu zait argazkia. Testuinguruagatik ulertzen dugu hesiaren kanpoaldean daudela bost emakume horiek, eta hesiaren barrualdean daudenen askatasuna eskatzen dutela.

Baina, ez al da egia kasu askotan ez dakigula hesiaren zein aldetan dagoen kartzela?

Zeren askatasuna, askatasun-printzak… haizeak lapurtzen baititu, gaur alde batetik eta bihar bestetik.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!