Elixabete Garmendia
Hogeita hamabigarren orrialdean topatu ditut egunkari osoan erakargarrien gertatu zaizkidan irudiak. Munchen koadro bat, “Ume gaixoa” izenekoa. Shakespeareren erretrato bat. Dantza irudi bat, Pina Bausch koreografoa omentzeko, argazki oinak dioenez.
Hiru irudi hauek Europan zehar 2012garren honetan izango diren kultur ekitaldi nagusien aurkezpena ilustratzera datoz. Artea, literatura, dantza, eta musika eta antzerkia eta abar gozamen iturri; irudiek eta programek hortzak zorroztu egiten dituzte.
Eskaintzak, ordea, Parisen, Londresen, Mariborren –Eslovenian- dira; edota Guimaraesen eta Madrilen… Eta ez gaude urrutirako planak egiteko.
Ze eskaintza aberats horren ifrentzuan irudi gutxirekin ilustratzen diren albisteak daude. Badakizue, neurri ekonomikoei buruzkoak. Funtzionarien soldatak izoztuta, BEZa ehuneko hamazortzitik gora igoko ote duten… eta, hau ere, funtzionarioentzat, lanaldia luzatu egingo ote dieten.
Albiste hauek ilustratzeko argazki bakarra dago, Luis de Guindos, Espainiako Ekonomia ministro berriarena. Eta haren bisajea ez da batere lasaigarria. Kopetilun, bi eskuak gurutzatuta ahoa erdi estaliz, soa fokoari ihes eginez, eskuinerantz jiratuta begiak… Ez da, ez, politikoek hauteskunde kanpainetan eskaintzen duten irudietakoa.
Atzo Angela Merkel bestelako itxuran ageri zen beste argazki batean: gutxitan ikusten zaion irribarrearekin, eta betiko tankerako jaka, baina oraingoan bisoi kolore distirantekoa. Horrela agertu zen urte berriko hitzaldia emateko, baina mezua ez zen batere optimista izan: 2012garrena oso izango omen da gogorra.
Garbi dago, 2012garrena superviventziaren urtea izango da oinezkoontzat.