Irakurketak

Euskalerria Irratia 2011ko azaroaren 24a

Edurne Begiristain

Igandeko hauteskundeek Araban utzi duten emaitzen inguruan irakurketa bat baino gehiago egin daiteke.  Edo bakarra. Lehena, PPk irabazi dituela bozak herrialdean, baina ez duela lortu bi eserleku erdiesteko boto haina, eta PP, PSE, Amaiur eta EAJren artean banatu direla lau diputatuak. Bigarrena, Euskal Herrian nagusi diren lau bloke politikoek isla argia izan  dutela Arabako emaitzetan: ezkerreko abertzaletasuna, eskuineko nazionalismoa, sozialdemokrazia espainiarra eta eskuin espainarra.

Hirugarrena, PSEk atzera egin duen neurri berean ez duela aurrera egin PPk: PP lehen indarra  den arren, ez da gai izan PSE-EEk herrialdean izan duen beherakadari errentagarritasuna ateratzeko, eta 2008ko bozetan lortutako emaitzen pare geratu da. Laugarrena, Amaiurrek ezkerreko abertzale independentistek sekula lortu duten emaitzik hoberenak biltzea lortu duela eta  hirugarren indarra dela herrialdean, EAJren aurretik.

Igandeko hauteskundeetatik irakurketa bat baino gehiago egin daitekeen moduan, indar abertzaleek duten babesaren gorakada azaltzeko argudio bat baino gehiago dago. Batetik, Euskal Herrian ez ezik Araban ere aldaketa soziologikoa ematen ari dela eta belaunaldi berriek ideologia abertzaleagoa dutela orain duela urte batzuk baino. Bestetik, PSEk eta PPk EAEn duten ituna zigortu nahi izan duela hauteslegoak.

Hausnarketa horietatik guztietatik, baina, ondorio bakarra atera dezaket: Araban urtetan izan den  gotorleku espainolista–noizbait izan bada–  azkenetan dela, eta herrialdea  abertzaleagoa dela gaur  atzo baino.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/11/edurnebegiristain20111123.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!