Birziklapenaren hauteskundeak

Euskalerria Irratia 2011ko azaroaren 22a

Elixabete Garmendia

Herenegungo hauteskundeei lotutako irudiak dira nagusi gaurko BERRIAn:  Zapatero burumakur,  Raxoi eskuineko hatzez zerbait diktatzeko gisan. Antiguedad eta Erkoreka dagoeneko artxibokoak diren argazkietan, mitina ematen, bakoitza bere aldetik, jakina; baina elkarri begira baleude bezala paratu dituzte argazkiak, intentzio osoz, izenburuari indarra emateko: izan ere, “Hitz egitera behartuak” dio hizki handiz. Hor doaz Ares eta Patxi Lopez ere igande gauean egin zuten agerpenera: musaje behartu eta zurbilak, lehendakaria estropezuka hizketan.

Azken orrira etorrita, kolorez betetako irudi bat: lehen planoan txano moduko batzuk sokatik eskegita, eta barrenean bi neskato trapu artean aztarrika. Bilboko Alondegian sormenezko birrerabileraren jaialdia omen dute gaurtik igandera, erakusteko hondakinek, katuek bezala, bizitza bat baino gehiago izan dezaketela eta nola berpiztu daitezkeen behin eta berriz.

Mikel Alonso argazkilari bilbotarrak “Zorrozaurre” izeneko argazki liburua argitaratu berri du. Garai batean portu eta gero industriagune izan zen auzo hori miatu eta geratzen diren tailer eta fabriketako bazter abandonatuak erretratatu ditu. Arkeologia industriala egiten du, baina ez hori bakarrik, lantegi horietan izerdia bota zutenen aztarnak ere jasotzen ditu; presentzia ausenteak, haiek utzitako egutegi eta eranskailuetan, oraindik horman eskegita dauden txarteletan… Liburuaren hasieran birziklatzeko dauden paper pilak jarri ditu. Izan ere, Zorrozaurreren miaketak gauza bat erakutsi omen dio: nola bizitza etengabeko birziklatzea den.

Igandekoak birziklapenaren hauteskundeak izan dira gurean, debekatuta zeudenak itzuli ahal izan  direlako. Eta horrek panorama politikoko amebak handitu, txikitu, eta mugitu egin ditu.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/11/elixabete-garmendia-20111122.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!