Ion Orzaiz
Alaba sukaldean sartzen ikusi duzun unean bertan jakin duzu haserre dagoela. Ez zenekike arrazoi zehatza ematen. Kopeta iluna izan liteke, edo sakelako telefonoaren pantailan iltzatutako begirada, edo ezpainak hozkatzeko duen ohitura txar hori. Auskalo. Kontua da zuk badakizula haserre dagoela. Ama izatearen abantailak. “Zer dugu afaltzeko?”. Galdetzeko moduan ere minberatasun puntua antzeman diozu. “Odolki errea”, erantzun diozu, lasai. Nazka aurpegia jarri du, jakina, pizza edo hanburgesak ez den edozerekin egiten duen bezalaxe. Zuk azaldu diozu arroz-odolkia oso goxoa dela, txikitan gustura jaten zuela, eta aitari ere izugarri gustatzen zaiola, baina alferrik. “Zergatik ez dugu hanburgesarik edo pizzarik eskatzen?”. Pizza herenegun afaldu zenutela azal diezaiokezu edota hanburgesak ez zaizkiola aitari gustatzen, baina emaitza berbera izanen litzateke, eta beraz, amore eman duzu. Haserre dago. Igarri diozu sartu den unetik beretik. Horregatik erabaki duzu zezenari adarretatik heldu eta galdetzea: “Zer duzu gaur, maitea?”. Hasiera batean ez dizu kontatu nahi izan, baina birritan galdetu ostean, egia esatea beste erremediorik ez zaio gelditu: Mikelekin utzi egin du.
Zortzi hilabete eta erdi zeramatzaten nobiotan, eta hori, egungo nerabeendako, behin betiko amodioaren baliokide da. Sekulako harreman sendoa. Zuk ez diozu inoiz alabari halakorik esan, baina, aitor dezagun, Mikel ez zitzaizun gehiegi gustatzen ere. Mutil jatorra zirudien, baina ez zen gelako azkarrena ere, eta zure alabatxoak zerbait gehiago merezi zuela errepikatzen zenion zeure buruari. Egiak aitortzekotan, aitor dezagun ere poz pittin bat sentitu duzula albistea kontatu dizunean. Zuk, noski, tristura aurpegia jarri, eta nola dagoen galdetu diozu. “Lasai egon, ama”, erantzun du berak. “Ez nau Mikelek utzi. Nire erabakia izan da. Oraintxe hartutako erabakia. iPhonea hartu eta SMS bat bidali diot. Begira”. Sakelakoa aurpegi aurrean jarri dizu eta orduan egiaztatu ahal izan duzu. Neskatoak SMS bidez utzi du nobioa. “Hau amaitu da. Zoaz pikutara. Ez nazazu deitu”, idatzi dio. Kostata ulertu duzu zer jartzen zuen, bokalik gabe idatzita baitago, baina argi duzu esanahia.
“Baina, baina… zergatik? Zer gertatu da, bada?” galdetu duzu. Antza denez, larunbatean, Mötorhead-ek kontzertua eman zuen Bilbon, eta alabak kosta ahala kosta joan nahi zuen. Mikelek, ordea, nahiago zuen lagunekin Osasunaren partida ikusi. Azkenean, bakoitza bere aldetik joan zen. Istorioa entzun duzunean, isilunea nagusitu da. Azkenean, zerbait esatera ausartu zara: “Eta? Hori al da dena?“. Baina berehala konturatu zara okerreko galdera egin duzula. “Nola dena? Gutxi iruditzen al zaizu? Ni bere kontzertu txepel guztietan izan naiz! La Oreja de Van Gogh! El Canto del Loco! Ken Zazpi! Eta gustuko dudan talde bat etortzen denean, berak nahiago du futbolera joan? Bada hemendik aurrera denbora gehiago izanen du futbola ikusteko”. Aitortu beharra dago bere arrazoibideari ez zaiola logikarik falta, baina bikotekideen arteko harremanak halakoak direla esan diozu. Finean, zu bere ama zara, eta berak baino gehiago dakizu horretaz guztiaz. Halako mila eztabaida izan zenituen zuk zeuk duela 20 urte, artean alaba jaio ez zela, senarra eta biak nobiotan zenbiltzatenean.
Kontatu diozu, adibidez, zinemara joateari utzi behar izan zeniotela, senarrak Schwartzenegger-en filmak bakarrik atsegin zituelako. Esan diozu zuk Itoiz eta Hertzainak bezalako taldeak maite zenituela, baina ezin izan zenituela behin ere zuzenean ikusi, hark gorroto zituelako. Min eman dizu gogoratzeak, baina aipatu duzu, halaber, zure betiko lagunekin kontaktua galdu zenuela aspaldi, mutilaren koadrilarekin atera behar zenuelako beti, hura ez haserretzeko.
Eta hori guztia azaltzen ari zinela, pentsatu duzu errazagoa izan zitekeela dena zure gazte denboretan ere iPhoneak existitu izan balira.
Erre usainak atera zaitu ametsen mundutik. Odolkia da. Ahaztu egin duzu eta kiskali egin da. “Zer da erre usain nazkagarri hori?” galdetu du norbaitek egongelatik. Senarra da. Sofan etzanda dago, pipak jaten. Kirol albisteak ematen ari dira telebistan. Pipa azal bat erori egin zaio sofaren azpian. Biltzeko imintzioa egin du gizonak, baina une horretan gol baten errepikapena ematen ari ziren, eta amore eman du. Pipa azala lurrean gelditu da, beste zenbaitekin batera. Iragarkiak daude orain telebistan. “Zer dugu afaltzeko?”, galdetu du, ozen.
Alabaren iPhoneari begiratu diozu orduan, eta alabari, eta odolki kiskaliari.
“Hanburgesak”, erantzun duzu. “Hanburgesak afalduko ditugu”.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/11/ion.mp3]