Elixabete Garmendia
ErrondaBerri tabernaren atarian ertzainak harat-honat, haietako batzuk eskularru zuriak jantzita: frogak jasotzen dabiltza. Tartean bi gizonezko ageri dira, jarrera berberean: besoak gurutzatuta eta eskua aho-kokotsetan jarrita, espantuaren ondoko tristura adierazten dutela.
Bizkaiko egunkari salduenak bestelako argazkiak jarri zituen atzo arratsaldeko edizio digitalean: haietan emakumezkoak negarrez ageri ziren. Ez zegoen horren beharrik Santutxun (atzo goizean) bizi izandako tragedia aurkezteko.
Telebistako irudietan zaurituak han-hemenka, espaloi gainean, eta haiek zaintzen jendea. Geroxeago anbulantzien joan-etorria, zaurituak ohatiletara, gazur poltsak erantsita…
Kontakizunak zioen gizonezko gazte bat zela sukaldeko aiztoz, zoroaren pare, sastadaka ibili zena. 31 urteko gizonezkoa, irandarra. BERRIAk ez du azken datu hau eman; Barakaldon bizi zela dio soilik. Erasotzailea Barakaldon bizi izateaz gain bertakoa izan balitz, halaxe aitortuko zukeen segurasko: Barakaldokoa zela. Politikoki zuzentzat jotzen denaren bidea hartu du BERRIAk. Baliagarria al da, ordea? Ez ote dio irakurleari iruzur egiten datu hori ez emanda?
Ifrentzuan Kepa Mallea Olaetxea, Munitibarkoa, Ttale Ouret baxenafarrarekin batera Bizkaitik, Nafarroatik eta Iparraldetik Ameriketara joandako artzainen azterketan aritua. Kepak Joxe Mallearen anaia behar du izan; Renoko irakaslea berau, euskal artzainek lertxunetan egiten zituzten marrazki eta idatziak aztertu eta ezagutarazi dituena.
“Adostegiak” sortu omen zituen Kepa Malleak Bilboko Zamakola eskolan irakasle izan zenean. Ez galdu eskola horretakoek eskelan jarri dioten bertsoa, Kepak berak idatzia. Hiltzaileak ere ezagutu beharko du noizbait bere biktimaren mezua.