Josi Basterretxea
Lasterketak dauzkat begietan gaur. Lasterketak: jendea korrika. Horra hor gaurko argazki ederrak.
Behobia-Donostia lasterketan, ia hogei mila lagun batu ziren atzo. Jendetza izugarria. Emakumezkoetan, errekor berria ezarri zuen zuek hor aipatu berri duzuen etiopiar korrikalariak.
Bilbon, Herri krosa izan da asteburuan. Hor ere jendetza: zazpi mila lagunetik gora. Ematen du herri honek presa duela.
Presa, benetako presa, hainbat politikarik du: hauteskunde-kanpainaren azken txanpan sartu dira, eta hor dabiltza mitin batetik bestera: hego haizeak harrotuta.
Korrika dabiltza batzuk, hegaz beste batzuk. Argazki batean ikusi dut gaur goizean PPko buruzagia: Rajoi. Saltoka eta jauzika dago, ematen du hegaldatu behar duela. Argazki ona, benetan: esanguratsua iruditu zait. Lebitatzen ari dela ematen du. Santutasuna izango ote da?
Behobia-Donostia eta Bilboko krosa lasterketen klasifikazioak dakartzate gaur egunkariek. Bestelako klasifikazioak ekarriko dituzte astebete barru. Madrilen du meta azaroko lasterketa politikoak. Eta, han ere, errekor berriak espero dituzte.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/11/psh05474.mp3]