Elixabete Garmendia
Ura protagonista gaurko argazkietan, ur arrea. Batzuetan agerian dago, auto bat ia erabat estaltzen duela, edo Arteleku uharte bihurtuz. Beste argazki batean ez da ia urik ageri, ondorioak baizik: behe barruko etxekoek espaloira atera dituzte koltxoiak, sofa eta kuxinak, baita salako lanpara ere. Imajinatzen du batek ze ezkotasun eduki behar duten puska horiek, eta ze usain. Ikusi ditugu etxe barruak ere, anabasa erabatekoan, triskantzaren ondoren.
Eta sekuentzia honen segidan, aurrekoaren ondorio, haserrea, agintarien aurrean ozen agertutako haserrea, erasokorra kasu batzuetan.
Korapiloa eztarrian auzokoengandik jasotako laguntza eskertzen dutenei entzutean.
Itzuliko dira etxeak eta autoak eta bazterrak beren onera, baina 2011ko azaroaren 6ko uholdeen balantzean hildako bat geratuko da, Irunen baratzera joan eta itzuli ez zen gizona.
Uholdeek historia markatzen dute, kolektiboa eta norbanakoarena, mugarriak jarriz iraganean. Gogoratzen du batek non zegoen halako urtetako uholdeetan, zer egitea suertatu zitzaion, ze eszena ikusi zituen… Korapilo gehiago eztarrian.
Kalteak zenbatzeko garaia dela dio egunkariak; hori eta aseguru etxeekin borrokan hasteko garaia. Baina jakin nahi luke batek non dagoen marra, ekidin ezin litezkeen kalteen eta aurreikus daitezkeen konponbideen artean.