Ura

Euskalerria Irratia 2011ko azaroaren 8a

Josi Basterretxea

Urak hartu ditut begietan: ur handiak, uholdeak. Euritsua izan da asteburua, eta bazter askotan egin dute gainezka errekek eta ibaiek. Leku batzuetan modu larriagoan igaro dute gaua, beste batzuetan lasaixeago.

Suilaz aritu du euria: asko eta larregi. Eta naturaren eta eguraldiaren kontuetan, gutxi egin dezake gizakiak.

Baina, nire galdera da gizarte honek kontuan izaten ote duen euria, uholdea etorri baino lehen. Eta ez dut iragarpena gogoan, ez dut iragarpenaren zehaztasuna gogoan.

Etxeak, tailerrak, eta hainbat eta hainbat azpiegitura-lan egin izan dira eta egiten ari dira gure artean urak gogoan hartu gabe. Ibai bazterretan eraiki da, paduretan, ur-lasterretako maldetan… Ekologista denen buruhauste den Abiadura Handiko Trenaren orbainak hainbat akuiferoren bideak oztopatu, aldatu eta lurperatu ditu.

“Normalean ez da deus gertatzen”, entzun ohi da. Baina natura ez da “normala”, alegia: ez da gizakiaren normetara egokitzen. Ez du beti gizakiak nahi lukeena egiten. Hori da haren norma.

Urak zubi azpitik joango dira azkenean, baita oraingoan ere. Eta guk ezer ikasi ez. Ezta oraingoan ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!