Ion Orzaiz
Heikkinen andreak bazekien hura bere azken negua izanen zela. Hezurretan sentitzen zuen. Tusitalako neguak munduko hotzenak zirela esan ohi zuten herrian, eta urtarrilean, termometroak zero azpitik 40 gradu seinalatzen zuenean, harro-harro aritzen ziren bizilagunak, hitz eta pitz, inguruko herrien tenperaturak alderatuz. 89 urte bete berritan, Heikkinen andreari bost axola zitzaion munduan hura baino toki hotzagorik existitzen bazen ala ez. Hezurrek min ematen zioten, eta hori zen pentsa zezakeen gauza bakarra. Min izugarria sentitzen zuen gorputz osoan. “Nireak eginen du laster. Hauetako egunen batean, ohera sartu eta ez naiz berriro esnatuko”, esan ohi zien baserrira bisita egitera hurbildu ohi ziren lagunei.
Baina esnatu egiten zen. Egunero-egunero zabaltzen zituen begiak izara eta burusi artean, eta etxeko lanak egiten hasten zen, hezurretako minari jaramonik egin gabe. Behiak jetzi, antzarei bazka eman, etengabe matxuratzen zen argi generadorea konpondu… Behin, etxeko atarian pilatutako elurra kentzen ari zela, elementu arrotz batek atentzioa eman zion. Han, etxetik bospasei metrora, elurraren artean, agerian gelditzen zen bolatxo berde bat. Elurra kentzeko pala lurrean utzi eta apur bat gehiago hurbildu zen Heikkinen andrea, bolatxoa ongi bereizteko. Hurbiletik, ederki asko ikusi zuen: letxuga bat zen. Kolore biziko letxuga freskoa, elur artetik ateratzen.
Amonak ezin zuen sinetsi. Zer egiten zuen letxuga batek bere etxe aurrean? Lurralde horretan ez zen batere ohikoa letxugak ikustea, are gutxiago neguan, eta berak ez zuen inoiz letxuga kimurik landatu. Misterio bat zen, eta Heikkinen andreak ez zituen misterioak gogoko. Tira, On Perttuk, herriko apaizak, behin baino gehiagotan aipatzen zituen elizaren misterioa edota Kristoren misterioa, baina hau ezberdina zen. Honek ez zuen inolako azalpenik, eta Heikkinen andrea urduri jartzen zuten horrelako gauzek.
Letxuga lurretik hartzen saiatu zen, baina oso sustrai sendoak zituela ikusta, amore eman zuen. Oso pisutsua zen, gainera. Barruan zer edo zer gordeko balu bezala. Letxugaren hostoak, pixkanaka-pixkanaka aldentzen hasi, eta landarearen bihotzetik urrezko pipita bat erori zen lurrera. Bizpahiru alditan aztertu zuen harri koxkorra Heikkinen andreak, eta benetan urrea zela ondorioztatu ostean, amantaleko patrikan gorde zuen. Gero etxeko lanak egiten jarraitu zuen, egunero bezala. Hurrengo goizean, letxuga ikustera atera zen berriz ere Heikkinen andrea. Hortxe zegoen, aurreko egunean bezain berde eta fresko, baina apur bat handiago. Hostoen artean arakatzen hasi zen amona, eta bi urrezko pipita topatu zituen, gaztaina baten tamainakoak biak. Prozesua egunero-egunero errepikatu zuen andreak, eta handik hiru hilabetera, hamar zaku bete urre gordetzen zituen etxean.
Bildutako urre guztiarekin, Heikkinen andreak baserria berritu, negu osorako jaki eta kontserbarik onenak erosi, eta argi generadore berria instalatu zuen, egunik hotzenetan ere etxean bero-bero egon ahal izateko. Ordurako, hezurretako minik ere ez zuen sentitzen. Pozarren, Tusitalako bizilagunei ere urrezko pipitak oparitzen hasi zen, eta goizetik gauera, herriko emakumerik ospetsu eta maitatuenean bilakatu zen. Tamalez, urrea oparitzen zuen amonaren istorioa ahoz aho ibili, eta bidean, eskualdeko gobernuko kideen belarrietara ere iritsi zen. Agintariek, noski, urre horren guztiaren jatorria ezagutu nahi izan zuten, eta bisita ofizialean joan ziren Heikkinen andrearen baserrira.
Hantxe azaldu ziren denak: politikari, idazkari, kazetari eta bizkartzainak. Leiho beltzak zituzten auto beltzetan, traje beltzak soinean, betaurreko beltzak aurpegian. Espedizioaren buruan, eskualdeko presidentea, inor baino dotoreago jantzita, behi eta antzaren artean. Belarritik belarrira aurpegia zeharkatzen zion irribarre batekin agurtu zuen Heikkinen andrea, eta bisita “informala” egitera etorri zirela azaldu zion. Honek, hasierako harridura gainditu ostean, barrura sartzeko gonbitea luzatu zien. Estu-estu, 27 laguneko delegazio osoa, politikari, idazkari, kazetari eta bizkartzainek osatua, amonatxoaren sukaldean sartzea lortu zuten, eta han, kafe-katilu beroa eskuan, presidenteak proposamen bat egin zuen: etxaldearen eta bertan zegoen ororen truke, letxuga miragarria barne, 100 milioi ordainduko zizkion Gobernuak Heikkinen andreari. Horrela, amonak etxe berri bat eros zezakeen herrian, edota hiriburuan, bere azken urteak eroso asko bizi ahal izateko. Heikkinen andreak, ongi hezitako emakumea baitzen, eskerrak eman zizkion presidenteari eta harekin zetozen lagun guztiei, baina ezezkoa eman zion eskaintzari. Presidenteak listua irentsi eta eskaintza igo zuen: 150 milioi. Heikkinen andreak, berriz, bereari eutsi zion. 200 milioi. Eta Heikkinen andreak, ezetz. 300 milioi. 400 milioi. 500 milioi. Baina Heikkinen andreak bere baserria maite zuen, eta ez zuen bertatik alde egiteko inolako asmorik. Presidentearen irribarrea desagertua zen ordurako, eta idazkarietako bati zerbait esan zion belarrira. Honek paper bat atera zuen eskuan zeraman maletatxo beltz batetik. “Begira –esan zuen orduan presidenteak, serio demonio-, zurekin adostasun batera heldu nahi izan dugu, baina atso burugogor bat besterik ez zara, eta ez dugu beste erremediorik. Alboan dudan gizon hau medikua da, eta agiri honetan dio zu ez zaudela burutik sano. Zahartzaroko dementzia duzula frogatzen du dokumentu honek, eta beraz, zaharren egoitz batean sartuko zaitugu. Etxe hau eta inguruko lur eremua konfiskaturik egonen dira hemendik aurrera”. Azken hitzak ahoskatzearekin batera, bizkartzainek Heikkinen andrea sorbaldetatik hartu eta handik atera zuten arrastaka.
Presidenteak esan bezala, zaharren egoitza batean sartu zuten amona, eta baserria poliziez, gobernuko kideez eta zientzialariz bete zen. Urrea ematen zuen letxugaren sekretua aurkitu nahian zebiltzan denak. Ordurako, ordea, negua amaitu zen, udaberriaren etorrerak elur guztia urtu zuen, eta letxuga, apurka-apurka, zimeltzen hasi zen. Berde kolorea ere galdu zuen, politikarien trajeen beltza hartzeraino. Ez zuen urre gehiagorik eman.
Handik hogei kilometrora, letxugari azken hostoa erortzen zitzaion memento berean, Heikkinen andreak ere bere azken hatsa bota zuen. Berak iragarri bezala, ohera sartu eta ez zen berriro esnatu. Heikkinen andreak bazekielako hura bere azken negua izanen zela.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/11/orzaiz-letxuga.mp3]