Barrena: "Ezker abertzaleak eskuzabaltasun handiz helduko dio biktimen gaiari""

Euskalerria Irratia 2011ko azaroaren 2a

Aspaldiko partez, Pernando Barrena ezker abertzaleko kidea elkarrizketatu dugu gaur Pasahitza saioan. Pozik dago ezker abertzaleak bide soilik politikoen alde egindako apustu alde bakarrekoarekin. Ezker abertzalean, batzuek bidea hori zenaren konbentzimendua "aspaldi" zutela aitortu digu. Ezin ahantzi daiteke bera Lizarra-Garaziko prozesuko abiarazleetako bat izan zela, Irlandako Mahaian zurgin lana eginez. Bere idurikoz, egungo egoerara iristeko gakoetako bat izan da ezker abertzaleko militanteei ahotsa ematea, Zutik Euskal Herria ekimenaren bitartez. Hasieran zenbaiti bertigoa eragin zien arren, azkenean "militante guztiek aho batez" hartu omen dute erabakia, eta "ez dago zirrikiturik". ETAn ere, berak dakienaren arabera, "eztabaidak izan diren arren, erabakia ahobakarrekoa izan da". Biktimei doakienez, "ezker abertzalea eskuzabala izanen da" eta aurki  "gogoz" helduko dio gaiari, oso garrantzitsua denaren jakitun. Irlandako ereduari oso interesgaritzat deritzo, eta han talde armatuek barkamen eskaera egin zieten biktimei. Betiere ez ei da ahantzi behar "berradiskidetzea ezin dela lortu pausoak alde bakar batek ematen baditu, biktimak bi aldeetan izan baitira". Bere iritziz, Gobernuak ahalik eta lasterren eman behar ditu urratsak espetxe politikan, sakabanaketa bertan behera uztetik hasiz, A20ko hauteskundeetara itxoin gabe. Horien ondotik litekeena dirudi Rajoy izatea Espainiako presidente. Barrenareb aburuz, PPren baitan azkenean gatazkari irtenbide inteligentea eman nahi dioten sektoreak gailenduko dira. Elkarrizketan, halaber, aitortu du 1998an Rubalcabarekin Leitzan bilera-bazkaria egin zutela. "Berarekin berriro hitz egiteko aukera banu, orduan galdu genuen aukera berriro ez pasatzen uzteko esanen nioke", gaineratu du.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/11/psh05413.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!