Atzoko argazki batekin hartu dut gaur poza: Tafalla dut begien aurrean. Arrakastatsua izan da festa. Jende ugari eta eguraldi ona. Ikastola pribatuak aurrera egin ahal izango du… jakina baita ikastola pribatua dagoela Tafallan. Izan ere, hezkuntza publiko nafarrak ez baitu bideratzen euskaraz ikastea eremu horretan.
Ez da Nafarroa ofiziala euskararen zalea. Gutxik bezalako altxorra du euskaran Nafarroa ofizialak, baina ikusten ez. Egiptora joan eta piramideak ukatzea bezalako itsukeria da nafar agintari zenbaitzuena.
Baina, mundua laua dela jakina da. Biribila ordez, laua. Konplexua. Begiratu batek ez du osorik esplikatzen.
Hara: klasera joan behar dut nik orain. Euskal Herriko Unibertsitatean klasea dut orain, euskaraz emango dut klasea, egunero bezala. Hemen ofiziala baita euskara.
Alabaina ikasleei gogoratu beharko diet euskaraz hitz egin behar dutela nire klasean. Ez bakarrik nire jarduna entzun euskaraz, baizik eta euskaraz hitz egin behar didatela. Hamazortzi urte dituzte. Eskolan eta institutuan euskaraz ikasi dute. Irakaskuntza publikoaren baitan euskaraz bizi daiteke hemen.
Daukagunaz ez baliatzea… hori ere bada marka. Itsukeria. Egiptoko piramideak ukatzea bezainbeste. Ez, ala?